Duela urtebete pasatxo hartu zuen Jon Olasagastik (Aia, Gipuzkoa, 1983) Orio Arraunketa Elkarteko presidente kargua. Hitz bat nabarmendu zuen orduan: anbizioa. Eta, bide horretan, gizonezkoen traineru nagusirako hainbat fitxaketa egin dituzte aurten. Horien artean, bi izar gailentzen dira: Iker Zabala entrenatzailea eta Gorka Aranberri patroia. Azken sasoietan dena irabazi duen Urdaibaitik datoz biak. Zuzendaritzako lehen lanetan gizonezkoen traineruari eman diote lehentasuna, baina emakumezkoen proiektua sendotzeko asmoa ere badute. Hurrengo urteetan jarriko dira "buru-belarri" horretan.
"Orio indartsu bat berreskuratzeko" nahia adierazi zenuen presidente kargua hartu berritan. Asmo horrekin egin dituzue aurten gizonezkoen traineru nagusirako fitxaketak?
Bai. Kluba era batera ari zen lanean, eta, gure ikuspuntutik, gauza asko aldatu behar ziren Orio irabazle egiteko. Iaz saiatu ginen Iker Zabalarekin. Ez genuen lortu, baina harremanetan jarraitu genuen, lortu dugun arte. Harrobikoek joan den urtean demostratu zuten kalitate handiko jendea dagoela, eta arraun eskolatik ere badatoz oso-oso arraunlari interesgarriak. Baina horrek ez du esan nahi fitxaketarik ez dela inoiz egingo. Kontraste bat beti behar du etxekoak ere. Talde polita bildu dugu.
Iaz izan zen zure lehen urtea. Sasoiaren zer balorazio egiten duzu?
Gogotsu hasi ginen, eta gogoz segitzen dugu. Hasiera oso gogorra izan zen; ilun zegoen dena, uste baino gehiago. Hala ere, denboraldia salbatu genuen.
Gizonezkoen traineru nagusian Mikel Arostegiren aldeko apustua egin zenuten iaz. Iker Zabala ekarrita, beste urrats bat egin nahi izan duzue aurten?
Iritsi ginenean sistema blokeatuta zegoen, edo ez zuen funtzionatzen. Aldaketa handi bat egin behar genuen. Ikerren alde egin genuen apustu hasiera-hasieratik, baina ordurako gauzak lotuak zituen Bermeorekin. Oso berandu zen, denboraldiak hasi behar zuen, eta azken momentuan Arostegirekin harremanetan jarri, eta onartu egin zuen. Eskerrak eman nahi dizkiot egin duen guztiagatik. Demostratu zuen asko balio duela, baina uste dut Oriok zerbait gehiago behar zuela. Oraindik ere behar du. Orio irabazle egin nahi dugu. Ez mutilen taldea bakarrik, baizik eta klub moduan.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, esteka honetan.