Hemen dira aurtengo inauteriak. Aian, gaur bertan ospatuko dituzte urteko jai koloretsuenak, Aiako Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatuta. Aurtengo gaia musikaren bilakaera izango da, eta arratsalde eta iluntze osoan izango dira ekintzak.
Aurrena, Lardizabal eskolako gaztetxoek emanaldia eskainiko dute Dema plazan, 15:00etan hasita. Ondoren, txokolate jana izango da herriko frontoian, musikaz girotua, Guraso Elkartearen eskutik. 19:00etan, kuadrillen topaketa egingo dute plazan, eta jarraian ikuskizun bat eskainiko dute. Ikuskizunaren ostean, pintxo pote girotua izango da herrian, DJ Track-a-ren eskutik.
Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte "taldeka, bikoteka edo bakarka mozorrotzera" eta festan parte hartzera.
Orion, biharko egun osoko egitarau oparoa antolatu dute Orioko Udalak, Txurrumuskik eta Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak, elkarlanean.
Ohi bezala herri bazkaria egingo da pilotalekuan, baina berrikuntzarik ere bada aurten; izan ere, arratsaldean Herriko Plazan kantu, dantza, koreografia eta mozorro festa egingo dira, eta sariak banatuko dituzte.
Bestalde, herri bazkarian izena eman duten taldeetako arduradunek eta muntaketa-lanetan parte hartu nahi duten boluntarioek 10:45ean egon beharko dute pilotalekuan.
Txurrumuskik bere sare sozialen bidez dei egin die adin guztietako herritarrei ekitaldian parte hartzera, "nahi duzuen mozorro, talde eta abestirekin". Herritarrek, aukeratutako abestiarekin, nahi duten ikuskizuna eskaini ahalko dute, besteak beste, dantza, antzerkia edo karaokea.
Orioko egitaraua
- 11:30. Inauterietako desfilea, Bikamiota eta Kosta Tailerraren paretik abiatuta.
- 13:00. Photocall-a, Endaia Plazan
- 14:30. Herri bazkaria, pilotalekuan. Bazkalostean, musika herriko txarangaren eskutik eta kalejira Herriko Plazara.
- 17:30. Kantu, dantza, koreografia eta mozorro festa, Herriko Plazan. Adin guztietako lagun talde eta familientzako saioa izango da, eta sariak banatuko dira.
- 19:00. Festa Herriko Plazan, Matraka elektrotxarangarekin.