Idi probak izango dira Aian datorren astean

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 27a, 14:22

Aiako XXIII. Kintopeko Idi Proben saio bat.

Martxoaren 7an, ostiralarekin, Aiako Idi Nagusien Udaberri Saria jokatuko dute. Martxoaren 8an eta martxoaren 10ean, berriz, Kintopeko XXX. Idi Txapelketa Udaberri Saria. Iñaki Oliden oriotarra lehiatuko da aurrenekoan, eta Patxi Arzadun aiarra, bigarrenekoan.

Aiako probalekuak bi idi dema txapelketa jasoko ditu hurrengo egunetan: batetik, Aiako Idi Nagusien Udaberri Saria jokatuko dute martxoaren 7an, ostiralarekin; bestetik, Kintopeko XXX. Idi Txapelketa Udaberri Saria, martxoaren 8an, larunbatarekin, eta martxoaren 10ean, astelehenarekin. Hiru egunetan 21:00etan hasiko dira lehiak.

Probak Gipuzkoako Herri Kirol Federakuntzak kontrolatuta egongo dira, eta Okelan harriarekin ibiliko dira idiak. 1.800 kiloko harria da, eta 1.140 kilo baino gehiago duten idi pareek, hortik gorako kilo bakoitzeko 1,5 kiloko gainzama eraman beharko dute.

Aurreneko jardunaldian, hau da, Aiako Idi Nagusien Udaberri Sarian, Iñaki Oliden oriotarraren idiek parte hartuko dute, baita Igone Pagadizabalen (Hondarribia) eta Olalderen (Urrestilla) idiek ere. Irabazleak 1.000 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarrenak 850 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak, 700 euro eta garaikurra.

Kintopeko txapelketari dagokionez, Patxi Arzadun aiarraren idiek parte hartuko dute bertan, baita beste bost partaideren idiek ere: Mendipe elkartea (Jatabe), Asador Iruña (Maruri), Etxetxo (Okia), Iñaki Lopategi (Birle) eta Uzkudun (Errezil). Irabazleak 1.400 euro, manta eta garaikurra jasoko ditu, bigarrenak 1.200 euro eta garaikurra, hirugarrenak 1.000 euro eta garaikurra, laugarrenak 900 euro, bosgarrenak 800 euro, eta seigarrenak, 700 euro.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide