Enplegu mahaia sortu du UKUEk eskualdean enplegua bultzatzeko asmoz

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 29a, 08:00

Pasa den astean egin zuen bilera UKUEk sortutako Enplegu Mahaiak. (UKUE)

Eskualdeko 23 eragilek hartu zuten parte pasa den asteazkenean, hilaren 22an, egindako lehen bileran. 

Enplegu Mahaia ekimena jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE), lankidetza, ideien sorrera eta eskualdeko enplegua hobetzeko helburuarekin. Erakundearen hitzetan, Enplegu Mahaia "elkarrizketarako eta elkar lanerako gune" gisa sortu dute, eta "enpresa bultzatzaileek, sektore ekonomiko desberdinetako ordezkariek, hezkuntza-erakundeek, tokiko elkarteek eta gizarte-eragileek" parte hartzen dute.

Hala, pasa den asteazkenean, hilaren 22an egingo zuten lehen bilera UKUEk Zarautzen duen egoitzan, eta Urola Kosta eskualdeko 23 eragilek hartu zuten bertan parte. Enplegu Plana 2024-2027 izeneko proiektua aurkeztu zuten lehen hitzordu hartan. Sustatzaileen arabera, proiektuak lau ardatz nagusi izango ditu: hala nola, enplegua lortzeko eta mantentzeko baldintzak hobetzea; tokiko enpresa sarea indartzea, talentua erakartzeko eta atxikitzeko; ekintzailetza bultzatzea eragin-sektoreetan; eta eskualdeko baliabide endogenoetan oinarritutako enplegu-nitxoak sortzea.

Partaidetza prozesutik eratorritako planak, hamalau ildo estrategiko eta 42 ekintza zehatz aurreikusten dituzte urtean zehar ezarritako helburuak lortzeko. Ahalegin horiek berdintasuna, aniztasuna eta enpleguaren kalitatea lehenesten dutela ere azpimarratu nahi izan du UKUEk.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide