Aian eta Orion jarraipena izaten ari da hezkuntza publikoko lehen greba eguna

Onintza Lete Arrieta 2025ko urt. 22a, 14:00

Aiako Lardizabal herri eskola.

Eskolek beraiek emandako datuen arabera, Aiako Lardizabal herri eskolan irakasleen %63 egin dute bat grebarekin, eta Orioko Zaragueta herri eskolan, berriz, irakasleen %33k. Sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan hamabi greba egun deitu dituzte.

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitutako hamabi greba egunetatik aurrena da gaurkoa. Irakasleak daude gaurko eta biharko grebara deituta, eta Aiako eta Orioko eskoletan eragin nabarmena ari da izaten. Aiako Lardizabal herri eskolan, esaterako, irakasleen %63k egin dute bat grebarekin; Orioko Zaragueta herri eskolan, berriz, %33k. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzuak jarri ditu Eusko Jaurlaritzak han eta hemen.

Gaurko eta biharko greba egunez gain, otsailaren 26an eta 27an ere lana uztera deituta daude irakasleak. Horiez gain, Haurreskolen Patzuergoko beharginak greba egitera deituta daude urtarrilaren 28rako eta 29rako zein otsailaren 12rako eta 13rako. Bestalde, hezkuntza alorrean sukaldean eta garbiketan aritzen diren langileak deitu dituzte grebara urtarrilaren 30erako eta 31rako nahiz otsailaren 19rako eta 20rako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide