Oraindik izena eman daiteke Urola Kostako Enplegu Mahaiak antolatutako bileran

Erredakzioa 2025ko urt. 7a, 10:00

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza, Zarautzen. (UKUE)

Urtarrilaren 22an izango da foroa, Urola Kostako Udal Elkartearen Zarauzko egoitzan, eta bertan parte hartzera deitu dituzte interesa duten norbanakoak eta eragileak.

Urola Kostako Enplegu Mahaiak bilera egingo du bi aste barru, hilaren 22an, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Zarautzen duen egoitzan.  "Eskualdeko enpleguaren eta talentuaren inguruko ekintzak koordinatzeko funtsezko gunea" da aipatu mahaia, eta bertan parte hartzeko aukera izango dute administrazio publikoetako teknikariek, enpresek, korporazio publikoetako teknikariek eta erakunde pribatuek (irabazi-asmoa izan edo ez). Baldintza da beren jarduera Urola Kostan garatzea edo eskualdean eragin estrategikoa izatea.

UKUEk interesa duen oro animatu du foroan parte hartzera, "Urola Kostako garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko". Izena aurrez eman behar da, 943-890 808 telefono zenbakira deituta edo lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora mezua bidalita; informazio gehiago eskuratzeko edo zalantzak argitzeko bidea ere horiexe bera izango da.

Bilerak ordu eta erdi irautea aurreikusi dute, 12:00etatik 13:30era, hain justu ere. Udal Elkarteak, gainera, azpimarratu du parte hartzaileen lankidetza funtsezkoa dela ekimenak "arrakasta" izan dezan: "Hori dela eta, interesa duten alderdi guztiei dei egiten zaie Urola Kostaren etorkizunerako erabakigarria den foro honetan parte hartzeko aukera ez galtzeko",..

Enplegu plana xede

Enplegu Mahaiak 2024-2027 Enplegu Plana dinamizatzea du helburu. Plan hori 2024an zehar eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien inplikazioarekin modu parte-hartzailean diseinatutako enplegu plana dela azaldu du UKUEk, eta Enplegu Mahaiaren helburua dela kalitatezko enplegua sortzea, talentua erakartzea eta atxikitzea, eta, aldi berean, Urola Kostako lan esparruak dituen erronkei eta aukerei erantzutea.

Bileran, enpleguarekin eta talentuarekin lotutako eragileen artean lanerako eta koordinaziorako espazio bat sortzera bideratutako ekintzak eta proiektuak eztabaidatuko dira. "Gainera, kalitatezko enplegua sortzen eta lan baldintzak hobetzen lagunduko duten ekimenak aktibatuko dira, baliabide publikoen eta pribatuen arteko lankidetza sustatuz".

Enplegu Mahaia "funtsezko tresna da" inplikatutako eragile guztien artean aliantzak sortzeko, helburu komun bat lortzeko: eskualdeko enplegagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide