Imanol Ibarguren Memoriala antolatu du hirugarrenez Ospele Orioko pilota elkarteak. Hilabete inguru iraun du infantil mailako txapelketak, eta zortzina bikotek parte hartu dute lehenengo eta bigarrengo mailetako lehietan. Finalak San Nikolas egunean jokatzekoak ziren berez, baina euriaren eta hezetasunaren ondorioz frontoiko lurra egoera oso txarrean zegoela-eta, azkenean atzo arratsaldean jokatu zituzten.
Pilotalekura ikusle ugari erakarri zituen pilota jaialdiak, eta Anuska Esnal alkateak eta hainbat zinegotzik ere harmailetatik jarraitu zituzten partidak.
17:00etan ekin zioten bigarren mailako lehiari. Sagastibeltza oriotarra iritsi zen final horretara, baina ezin izan zuen txapelik bururatu: Gonzalezek eta berak 18-16 galdu zuten Ezkioga eta Urruzolaren aurka, partida estu baten ondoren.
Lehen mailan, kontrara, aise gailendu ziren Eizagirre eta Iraola bikotea Olazabalen eta Peñagarikanoren aurka – Ilunpe Azpeitiko klubeko pilotari–, 18-3 emaitzarekin.
Behin sariak banatuta, afizionatuen partida banaz gozatzeko aukera egon zen. Emakumezkoetan Laia Salsamendi eta Nora Mendizabal lehiatu ziren Miren Larrarte eta Miriam Arrillagaren aurka. Gizonetan, berriz, Lorenz Orbegozo eta Unai Albeniz aiarrek –Ospele elkartekoa da Orbegozo– Oinatz Bengoetxea eta Aratz Irazustabarrena izan zituzten aurkari. Azken horiek irabazi zuten partida 25-19. Behin 22 tantotara iritsita, Bengoetxeak eskatuta luzatu zuten partida 22tik 25 tantotara.
Pilotalekua epe laburrean botatzekoak dira, eta beraz, frontoi horrek hartu duen azkenetariko txapelketa izan zen atzokoa.