Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Onintza Lete

Erredakzioa 2024ko abe. 25a, 09:00

Onintza Lete.

Urteko opor nagusien bueltan ohi duen bezala, Gukak Gabonetan ere martxan du Bost kantu kutunak seriea. Oraingoan, Onintza Lete kazetariak aukeratu ditu bere kantu kutunak.  

"Oso zaila egin zait bost kanta aukeratzea: kanpoan utzi behar izan ditut urte askoan niretzat oso garrantzitsuak izan diren batzuk, edo entzun orduko irribarrea edo dantzan hasteko gogoa eragiten didaten zenbait abesti. Baina, gaur-gaurkoz, hauxe da nire zerrenda".

    • Nessun dorma, Turandot (Puccini)

"Oroitzapenek zortzi urte atzera naramate. Autoz nindoan neu bakarrik Oriotik Zarautzerantz, eta Luciano Pavarotti opera zati hau entzuten hasi orduko emozioak gain hartu zidan, negarra eragiteraino. Haurdun nengoen, eta pentsatu nuen horregatik eragin zidala horrenbeste. Baina ez da hala. Geroztik ere, entzun dudan bakoitzean hunkitu nau. Izugarria iruditzen zait Pavarottiren ahotsaren tinbrea".

    • Pakean utzi arte (Hertzainak)

"Ehunka aldiz entzungo nuen talde hau eta abesti hau. Gariren ahotsa erakargarria da benetan, batez ere kantu honetan, melodia horrekin eta letraren zati batzuetan. Neure burua ikusten dut, oso gaztetan, parrandaren erdian, gustatzen zitzaidan mutila gertu nuela abesti hau kantatuz eta dantzatuz, elkarri begiratuak botatzen genizkion bitartean. Ez nuen gehiago behar".

    • Saiatzen naiz (Merina Gris)

"Batzuetan iruditzen zait letra niretzat egina dagoela. Trap estiloa dela esan zidan lagun batek; egia esan, berdin dit etiketak, barruraino iristen zaidan zerbait daukalako abesti honek".

      • L'eau á la bouche (Mikel Agirre)

"Gainsburg gainbegiratuz izena duen diskoko abestietako bat da. Euskal kantari batzuek Serge Gainsburg musikari frantsesaren abestiak aukeratu eta horien euskarazko bertsioekin plazaratutako diskoa da. Nik ez nuen ezagutzen abeslaria, haren kanta oso ezagun bat izan ezik, baina Zarauzko gure bulegoan agertu zen diskoa egun batean, aspaldi; hari kopia egin, eta urte askoan autoz bidaiatu dugunean diskoa izorratu arte entzun dugu".

        • Orduan (Mikel Laboa)

"Mikel Laboaren beste hiruzpalau abesti aukera nitzakeen hunkigarriagoak edo gustukoagoak ditudalako, baina maiteena hauxe dut. Eta maite dut, abesti honekin esan zidatelako behin maite nindutela".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide