Urola Kostako Enplegu Mahaiak bilera antolatu du urtarrilaren 22rako

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 20a, 11:43

Pertsona batzuk bilduta.

Bilera Zarautzen izango da, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, eta foroan parte hartzera deitu ditu interesa duten norbanako eta eragileak.

Urtarrilaren 22an, asteazkenarekin, Urola Kostako Enplegu Mahaiak bilera egingo du Zarautzen. Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) esanetan "eskualdeko enpleguaren eta talentuaren inguruko ekintzak koordinatzeko funtsezko gunea" da, eta foro horretan parte hartzeko aukera izango dute administrazio publikoetako teknikariek, enpresek, korporazio publikoetako teknikariek eta erakunde pribatuek (irabazi-asmoa izan edo ez). Baldintza da beren jarduera Urola Kostan garatzea edo eskualdean eragin estrategikoa izatea. UKUEk interesa duten guztiak animatu ditu bileran  parte hartzera, "Urola Kostako garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko". 

Bilera 12:00etatik 13:30era izango da Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Abendaño industrialdea, 20800 Zarautz). Ohi bezala, aurrez eman beharko da izena 943-890 808 telefonora deituta edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita. Informazio gehiago eskuratzeko bideak ere horiexek dira. "Inplikatutako guztien lankidetza funtsezkoa da ekimen honek arrakasta izan dezan. Hori dela eta, interesa duten alderdi guztiei dei egiten zaie Urola Kostaren etorkizunerako erabakigarria den foro honetan parte hartzeko aukera ez galtzeko", esan du erakundeak.

Helburuak

Enplegu Mahaiak 2024-2027 Enplegu Plana dinamizatzea du helburu. Plan hori 2024an zehar eskualdeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien inplikazioarekin modu parte-hartzailean diseinatutako enplegu plana dela azaldu du UKUEk, eta Enplegu Mahaiaren helburua dela kalitatezko enplegua sortzea, talentua erakartzea eta atxikitzea, eta, aldi berean, Urola Kostako lan esparruak dituen erronkei eta aukerei erantzutea.

Bilera horretan, enpleguarekin eta talentuarekin lotutako eragileen artean lanerako eta koordinaziorako espazio bat sortzera bideratutako ekintzak eta proiektuak eztabaidatuko dira. "Gainera, kalitatezko enplegua sortzen eta lan baldintzak hobetzen lagunduko duten ekimenak aktibatuko dira, baliabide publikoen eta pribatuen arteko lankidetza sustatuz".

Enplegu Mahaia "funtsezko tresna da" inplikatutako eragile guztien artean aliantzak sortzeko, helburu komun bat lortzeko: eskualdeko enplegagarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide