2016-02-05, Benito Parisen

Joxemari Olasagasti 2024ko aza. 10a, 08:00

Benito Lertxundi, Parisen kontzertu bat eskaintzen. (Joxemari Olasagasti)

Urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Izpiak eta Hizkiak ataleko irudia da honakoa, Joxemari Olasagastik aukeratutakoa.

2016. urtea. Jubilatu berria ni. Emazteak eta biok Parisera egun batzuetarako joatea programatu, eta hara, otsailean Benitoren kontzertua zela jakin genuen. Beste arrazoi eder bat bertara joateko.

Kontzertua Le Trianon antzokian izan zen. Parisko hemezortzigarren barrutiko Marguerite de Rochechouart Boulevardeko 80. zenbakian dago, Montmartre muinoaren magalean. Antzoki klasikoa da, urte guztian zehar antzerki, zinema nahiz kontzertu emanaldiz josia.

Antzokia lepo, kantaldia bikain eta amaieran entzulegoa zutik txalo zaparradaz guztia blaitzen. Erraza ez izan arren, argazki batzuk ateratzeko tartea izan genuen. Kontzertua bukatutakoan, Benito, Olatz eta Intza agurtzeko asmoz, kamerinoetara hurbildu ginen, eta baita haiek deskolokatu ere, ez zutelako espero kontzertuan oriotarrik aurkitzerik.

Ederra izan zen guztia, ahazten ez den pasadizo horietakoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide