Obra asko konposatutakoa da Jose Luis Frantsesena organo jotzaile azpeitiarra, musika bandarentzat, danborradarako nahiz abesbatzentzako. Azken horretan "sari asko" jasoa dela kontatu du. Azpeitiko Musika Bandarentzat obra asko egindakoa da: "Inauterietarako pieza denak harmonizatu, berriak egin, pasodobleak ere egina naiz... Zer sentitzen den musika banda entzundakoan norberarena den zerbait jotzen? Beti pentsatzen dut hau horrela egin izan banu, eta beste hori horrela...".
Danborradan jotzen dituzte bere piezak, "baina ez onenak". Jotzen dutenetan onena, bere ustetan, Mandioko polka da. Ereserkitzat har daitekeen bere lan bereziena, ordea, O Azpeitia izan daiteke. "Abesbatzak eskatuta egin nuen. Azpeitian bazen orduan baritono
bat, Luis Zabala, zoragarri abesten zuen, eta harekin pentsatuta egin nuen, Julian Barrenetxea abesbatzak kantatzeko, hark solista lanak eginda. Leku dezentetan abestu genuen".
82 urte eduki arren, ez dago geldirik egoteko: oraintsu jaso du azken eskaera. "40 urte beteko ditu Azpeitiko abesbatzak, eta eskatu didate ea arreglo bat egingo al diodan O Azpeitia abestiari urteurren horretarako". Egingo duela aurreratu du, baina "arazo bat" sortu zaio: "Ez dakit hitzak sortu nizkionean zoriontsu bizi nintzen ala zer; dena ona jarri nuen, eta gainera, aipatu nituen pertsonaia guztiak ziren herrian nagusi izandakoak eta herri osoa nahierara erabili zutenak. Beraz, horri buelta bat ematea darabilt buruan; zati batzuk politak dira, baina beste batzuei ukitu bat eman nahi diet. Gainerakoan, musikalki melodia ona dela iruditzen zait, eta gustura abestu izan dutela".