Herrietako ereserkiak

Belarritik bihotzera

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 28a, 09:00

Getarian ereserki ofiziala dute 2008. urtetik. Inguruko herrietatik beste inork ez dauka halako titulua duen kanturik; denek dituzte, ordea, belarritik zuzenean bihotzera iristen diren abestiak. Beren ustetan kantu horiek zein diren kontatu dute Jaione Eskudero zarauztarrak, Ignacio Arakistain eta Jose Luis Frantsesena azpeitiarrek, Inazio Alberdi azkoitiarrak, Imanol Urkizu oriotarrak, Agustin Zubimendi zumaiarrak eta Erun Ortiz, Ane Loidi eta Jexux Aldalur getariarrek. Urriko Gukako tokiko aldizkarietan argitaratutako erreportajea da honakoa. 

2008. urtean, getariarrek erabaki zuten herriak bere abesti ofiziala behar zuela: ereserki bat. Lehiaketa egin, eta Getaria kantua daukate ordutik. Inguruko herrietatik beste inork ez dauka, eta jakin ere, askok ez zekiten Getariak halakorik bazuenik, harik eta aurtengo martxoan, Getariako udalbatzak aho batez onartu zuen arte ereserkiko hitz bat aldatzea. 

Definizioetara jota, ereserkia "hotsandiko kanta, bereziki aberriari eskainia" omen da. "Ereserkia jainko zein pertsona bat laudatzeko edo gertakari gogoangarri bat ospatzeko egindako musika lana" dela ere ageri da, eta definizio horrek gaineratzen du "nazio edo estatu bat goresteko egina denean, nazio ereserki" deritzola. Hainbat kirol taldek beren ereserkia izaten dutela ere aipatzen da. 

Erreportaje honetarako galdetuta, Zarautz Abesbatzako Jaione Eskuderok horrela definitu du ereserkia hitza: "Ereserkia da komunitate baten musika konposizio enblematikoa, identifikatzen duena eta interpretatzen dutenak batzen dituena".

Herri gehienek ez, eta Euskal Herriak ere ez dauka ereserki ofizialik. Horri buruz galdetutakoan, ordea, Jose Luis Frantsesena musikari azpeitiarrak azkar aipatu du Gora ta gora Euskadi, doinua ahapetik kantatzen hasita. "Oso ondo egindakoa da. Doinua dantza herrikoi bat da, ikurrina hartuta egiten dena. Gero, letra Sabino Aranak jarri zion". Frantsesenarentzat, "zaila" da herri baten ereserkia egitea, "ideia desberdin asko" behar dituelako. "Ezer ez baduzu esaten, berriz, melodia izango da ona, baina zerbait faltako zaio", gaineratu du. Mundu mailan ereserki on gutxi dagoela irizten dio. Salbuespenak badira, ordea: "Errusiarrena oso ona da, alemaniarrek ona dute, baita ingelesek ere". Kontrara, "itsusi askoak" ere aipatu ditu. Horietako bat, San Inazioren martxa. "Musika gaizki egindakoa da, itsusia, errepikakorra... Ez dago hori baino ereserki zatarragorik. Ez dago. Letra, berriz, itxuragabea da, bai gaztelaniaz, bai euskaraz". Frantsesenarentzat, "musikari onek ereserki onak egiten dituzte; kaskarrei, berriz, nabaritu egiten zaie".

Ereserki ofiziala izan ala ez izan, argi dago herri guztiek dituztela beren kantu kutunak, batzuk alaiagoak eta besteak solemneagoak, eta momentu zehatzetan gogotik entzuten, abesten eta sentitzen direla, oilo ipurdia jartzeraino. Orain gutxi Zumaian gertatu da halako eszena bat: Zumaiako trainerua Euskotren ligara igo zela ospatzeko herrian egin zuten ongietorrian, izan ere, denek elkarrekin abestu zuten klubaren ereserkia, hunkituta. 

Handik kilometro batzuetara, Azkoitiko erdigunean, ume guztiek txikitatik dakiten Din-don abestiaren doinua entzungo dute egunero eguerdiko hamabietan plazako karilloi erlojutik.

Herriz herri, musikari estuki lotutako lagun banak kontatu du zein diren berentzat beren herriko ereserki ez ofizial horiek. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide