Zer iruditzen zaizu Orioko Udalak bertakoentzako aparkalekuak jarri izana?

Erredakzioa 2024ko urr. 4a, 11:00

Ezkerretik hasita, Aitziber Etxabe, Tibor Ujvari eta Ana Egibar. (Guka)

Iraileko Aia Orio Guka aldizkarian, Herrian galdezka atalean, honako galdera egin diegu hiru herritarri.

Aitziber Etxabe

"Ondo iruditzen zait, baina baditu bere alde onak eta txarrak. Ni Santio Errekan bizi naiz, baina bizitza asko egiten dugu Orion. Txartela ateratzeko aukera badugu, baina auto bakarrarentzako, eta 80 euro ordainduta. Garestia da, eta batzuetan, logistika tarteko, beste autoan etortzen gara herrira. Orduan, gure aukera bakarra da Eroskiko aparkalekuan aparkatzea autoa, eta horrek bultzatzen gaitu erosketa guztiak supermerkatuan egitera, herriko denda txikietan egin ordez. Pertsonalki, nahiago dut lehengo modua. Ordu bateko erlojuarekin, denbora edukitzen genuen herriko denda txikietan erosketa denak egiteko. Horregatik, nahi bada herriko establezimenduetan kontsumitzea, beste neurriren bat hartuko nuke".

Tibor Ujvari

"Oso ondo iruditzen zait bertakoentzat aparkaleku gehiago egokitzea. Lehen, lanetik etxera iristen nintzenean, ez nuen aparkatzkeo lekurik izaten. Askotan autobide azpiko aparkalekuan utzi behar izaten nuen autoa. Bertakoentzako aparkalekuak egokitu dituztenetik, berriz, etxera iristen naizenean errazagoa egiten zait bizi naizen lekuaren inguruan aparkatzea. Inguruko herri guztietan ari dira halako erabakiak hartzen, eta uste dut bazela garaia Orion ere. Herritarrentzat aparkalekuak egokitu dituzten arren, oraindik behar handia dago. Herria asko ari da hazten azken urte hauetan, eta gero eta bisitari gehiago datoz. Horrek aparkatzkeo lekuan eragina du. Oraindik herriko kale asko daude aparkaleku aldetik bertakoentzat ez direnak".

Ana Egibar

"Ondo iruditzen zait bertakoentzat aparkalekuak jartzea. Edozein lekutara joaten garenean, ordaindu egin behar izaten dugu aparkatzeagatik, eta bertakoek aparkatzeko aukera gehiago izatea da bidezkoena. Taberna dut eta ez dut nabaritu, momentuz, aldaketak eragin duenik. Ibaiondo kalean bertakoentzat aparkaleku gehiago jarri dituzte, baina eremu urdina ere bada, TAOrekin erregulatutakoa. Bi aukerak daude. Niretzat ideala guztia doan izatea izango litzateke, baina badakit ezinezkoa dela. Lehen esan dudan bezala, aparkatzeagatik ordaindu egin behar da leku askotan, eta badira garajerik ez duten herritarrak ere. Horiek ere nonbaiten utzi beharko dituzte autoak. Beraz, udalak hartutako erabakia egokia dela uste dut".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide