Aiako eta Orioko udalek hitzarmena sinatu dute, Orion aparkatzeko udal-txartela aiarrentzat eskuragarriagoa izan dadin

Julene Sorarrain 2024ko urr. 2a, 15:30

Jon Ander Azpiroz Otegi Aiako alkatea eta Anuska Esnal Oliden Oriokoa. (Aiako eta Orioko Udalak)

Hitzarmenaren bidez, 2025eko urtarriletik aurrera, Aiako herritarren aparkatzeko udal-txartelen prezioaren erdia Aiako Udalak ordainduko du, eta bestea, herritarrek.

Herriko trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzeko, Aparkalekuen Ordenantza berria aurkeztu zuen Orioko Udalak 2022ko udaberrian, eta aurten hainbat aldaketa egin dizkio, nagusiki bertakoentzako aparkaleku gehiago jartzeko. Ordenantzaren barruan, Orion erroldatutako ibilgailuek doan eskuratzen dute aparkatzeko udal-txartela. Bestelako baldintza batzuk betetzen dituztenek, aldiz, 85 euroan erosi dezakete, tartean Aian erroldatutakoek.

Legealdi hasieratik elkarlanean aritu dira bi udalak eta, Aiako zenbait herritarrek egindako eskaerari erantzuteko, hitzarmena sinatu dute gaur goizean Jon Ander Azpiroz Otegi Aiako alkateak eta Anuska Esnal Oliden Oriokoak. Hitzarmenaren bidez, 2025eko urtarriletik aurrera, Aiako herritarren aparkatzeko udal-txartelen prezioaren erdia Aiako Udalak ordainduko du, eta bestea, herritarrek. Horrela, aiarrek ere Orioko herrigune osoan aparkatu ahal izango dute.

Hitzarmenaren bidez, bi udalerrien arteko harremana "indartzen" jarraitu nahi dutela azpimarratu dute, baita herritarrei "erraztasunak" eman ere eguneroko bizimodua bailaran egiteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide