UKUEk antolatutako ikastaroek digitalizazioa eta teknologia izango dituzte hizpide

Julene Sorarrain 2024ko ira. 15a, 14:00

Irailean eta urrian zehar eskainiko dituzte ikastaroak; guztiak doakoak dira eta goizez izango dira. Hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste, diseinu grafikoa, IKT soluzioak sektore espezifikoetarako eta sare sozialetarako marketin-estrategiak.

Udazken honetan, Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziak, eskualdeko ekintzaileei, autonomoei eta enpresei zuzendutako ikastaro eta tailerrak antolatu ditu. Prestakuntza horiek teknologia berrien eta marketin digitaleko estrategien erabilera maximizatzera bideratuta daude, horiek baitira egungo merkatuan hazkundea eta lehiakortasuna lortzeko funtsezko tresnak.

Iraila eta urria bitartean eskainiko dira saioak. Guztiak doakoak dira eta goizez izango dira UKUEren egoitzan (Urdaneta bidea, 6, Zarautz).

Ikastaroen egutegia eta deskribapena

'CANVA Ikastaroa' irailaren 25ean eta urriaren 2an izango da, 09:30etik 11:30era. Helburua parte-hartzaileei beren negozioen sustapena modu autonomo eta profesional batean indartuko duen material bisual erakargarriak diseinatzeko gaitasunak eskaintzea da.

'Eraikuntzarako IKT soluzioak' irailaren 20an, urriaren 4an eta 18an izango da, 09:30etik 12:30era. Arkitektoei, aparejadoreei eta eraikuntzako beste profesionalei zuzenduta dago ikastaroa. Helburua eraikuntzaren sektorean prozesuak optimizatu eta poriektuen kudeaketa hobetuko duten soluzio teknologikoak aurkeztea da. 

'Norberaren Zaintzarako IKT Irtenbideak' irailaren 23an, urriaren 7an eta 21ean izango da, 09:30etik 12:30era. Pertsonen zaintzako profesionalei, hala nola estatikakoei, ile-apaintzaileei, masajistei eta dietistei zuzenduta dago ikastaroa. Helburua ikusgarritasuna, kudeaketa eta bezeroekin interakzioa hobetzeko tresna eta teknika digitalak irakastea da. 

'Sare Sozialetako Marketin Tailerra' irailaren 26an eta urriaren 4an izango da, 09:00etatik 13:00etara. Helburua parte-hartzaileei sare sozialetan marketin digitaleko estrategia eraginkorra garatzen laguntzea da, hala nola, Facebook, Instagram, TikTok, LinkedIn eta YouTube plataformetan. Tailerrak profilak eta edukiak sortzetik hasi eta posizionamendu eta segmentazio estrategiak ezartzearen arteko urratsak landuko ditu, marketin ekintzen eragina ahalik eta gehien handitzeko.

Ikastaro berria, 'Errentagarria al da Facebookekin jarraitzea, nire negoziorako?', irailaren 30ean izango da. Helburua Facebook negozioetarako marketin tresna gisa erabiltzearen eraginkortasuna aztertzea da. 

Izen-ematea eta parte hartzea

Ikastaro eta tailer guztiak UKUEren egoitzan egingo dira. ‘Eraikuntzarako IKT soluzioak’ eta ‘Norberaren Zaintzarako IKT Irtenbideak’ ikastaroak independenteak dira, eta, horri esker, parte-hartzaileek saio batean edo gehiagotan eman dezakete izena, beren interesen eta beharren arabera. Canva eta sare sozialen ikastaroen kasuan, ordea, bi saioetara joatea beharrezkoa da.

Izen-ematea irekita dago, eta galdetegi honen bidez egin daiteke. Plazak mugatuak dira, beraz aldez aurretik izena ematea gomendatzen du UKUEk. Gainera, parte-hartzaileek banakako tutoretza jasotzeko aukera izango dute talde-saioen ondoren, aldez aurretik eskatuta. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide