Haurrei zuzendutako teknologia ikastaroak antolatu ditu uda amaierarako Urola Kostako Udal Elkarteak, ohiko moduan, OpenLab espazioan. Irailaren 2tik 5era robotika eta dronak protagonista dituen bi ikastaro antolatu ditu, 7 eta 14 urte arteko gaztetxoei zuzenduta: Smart Green City 7 eta 10 urte bitartekoentzat izango da, eta Dronak eta errealitate areagotua ,11 eta 14 urte bitartekoentzat.
Izen-ematea zabalik dago ostegunera arte (uztailak 25) eta interesdunek ondorengo galdetegia bete beharko dute. Ikastaroak doakoak izango dira.
Ikastaro bakoitzeko 12 haurrez osaturiko taldeak dira, eta lehentasuna izango dute aurrez antolatutako ikastaroetan parte hartu ez duten haurrek. Horiekin taldeak osatuko ez balira, izen-emate ordena errespetatuz beteko dira.
Robotika: Smart Green City
Tailer horretan eraikin edo dorre adimendun eta bioklimatiko bat eraikiko dute parte hartzaile guztien artean. Talde bakoitzak solairu bat muntatuko du, eta elkarrekin solairuen arteko ainguratze sistemak adostu beharko dituzte.
Era berean, talde bakoitzak zehaztuko du egituren eta elementuen barne antolamendua. Ikastaroan Lego Technic, Makeblock eta VEX Robotics piezak erabiliko dituzte.
Dronak eta errealitate areagotua: DJI Tello dronaren programazioa
Bakarka eta taldeka, programazio bidez gainditu beharreko hainbat misio planteatuko zaizkie parte hartzaileei. Adimen artifizialeko tresnak erabiliz, zailtasun handiagoko erronkak planteatu ahal izango dira.
Programazio lengoaia Scratch 3.0 izango da eta, gainera, hegaldi simulazioak ere egingo dituzte.