Santio egunarekin batera, Lau Arroa emakumezkoen txapelketa jokatuko dute ostegunean, hilak 25, Aiako Santio Erreka auzoan. Kanporaketa proba izango da ostegunekoa, eta hamabi harri jasotzailek parte hartuko dute bertan, tartean Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza oriotarrek. Eskualdeko batzuk ere izango dira: Olaia Esnaola azpeitiarra eta Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Lierni Osa zarauztarrak.
Hamabi harri jasotzaileek lau arroako harriekin egin beharko dituzte lanak. Hain zuzen ere, bina minutuko tartean ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkiete zilindroari, kubikoari eta bolari.
12:30ean hasiko da kanporaketa, eta lehenengo sailkatzen diren lau harri jasotzaileak igaroko dira finalera. Finala Aian izango da, abuztuaren 10ean.