UKUEk gogorarazi du etxebizitza turistikoek hondakinen tasa berezitua ordaindu behar dutela

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 4a, 11:30

Etxebizitza turistiko bat. (Artxiboa)

Ion Arozena UKUEko lehendakariak azpimarratu du "gainerako negozioek bezala, etxebizitza turistikoek ere hondakinen tasa berezitua ordaintzea herritar guztienganako errespetu keinua" dela.

Urola Kostako Udal Elkarteak gogorarazi du etxebizitza turistikoei tasa berezitua aplikatuko dietela hurrengo ordainagirian. Izan ere, 2019. urtetik ordenantza fiskaletan etxebizitza turistikoei aplikatu beharreko prezio berezitua agertzen da, baina orain arte ez zaie tasa hori ezarri.

Udal elkarteak adierazi du orain arte ez duela eduki eskualdeko udalerrietako etxebizitza turistikoen erregistrorik, "politikoki ere ez delako horren aldeko pausorik eman". Behin datuak eskuratuta, ordea, prezio zuzena aplikatuko dute hurrengo ordainagirietan, eta ez etxebizitza arrunt batena, "orain arte bezala".

Ion Arozena UKUEko lehendakariak azpimarratu du "gainerako negozioek bezala, etxebizitza turistikoek ere hondakinen tasa berezitua ordaintzea herritar guztienganako errespetu keinua" dela, "duela bost urtetik onartutako tarifa bat izanda, gainera".

Eskualdeko datuak

Eusko Jaurlaritzak Turismo sailean erregistratutako datuen arabera, Aian 3 etxebizitza turistiko daude, Getarian 15, Orion 41, Zumaian 55 eta Zarautzen 213.

UKUEk etxebizitza turistikoen jabeei gutuna bidali die tarifa aldaketaren arrazoiak azaltzen, eta zalantzak izanez gero harrera@urolakosta.eus emailera idazteko eskatu du erakundeak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide