Guka gara!

Urolako Komunikazio Taldeak Guka aurkeztuko du astelehenean

Erredakzioa 2024ko mai. 17a, 13:00

Urolako Komunikazio Taldeko hiru langile, GUKAren logoarekin. (UKT)

Azpeitian egingo dugu erakundeei bideratutako aurkezpena. Hiru hanka ditu Guka estrategiak: marka eraldaketa, eskaintza berria, eta kidetzeko formula berria.

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Guka aurkeztuko du astelehenean. Eskualdeko komunikabideek duela bost urte sortu zuten Urolako Komunikazio Taldea kooperatiba, komunikazioaren digitalizazioari osotasunean erantzun ahal izateko eta txikien arteko indarrak batzeko. Honako hedabide hauek elkartuta osatu zuten kooperatiba: Azpeitiko Uztarriak, Azkoitiko Maxixatzenek, Zumaiako Baleikek, Zarauzko Hitzak, Orio nahiz Aiako Karkarak, Urola Kostako Hitzak eta Erlo Telebistak. Orain arte, euskarri ezberdinetako hainbat hedabidek osatzen zuten UKT, baina astelehenetik aurrera, Gukaren aterkipean arituko gara guztiak.

Azpeitiko Basazabal jauregian izango da astelehenean erakundeei zuzendutako aurkezpena. Bertan parte hartuko dute UKTren proiektua babesten duten instituzioetako ordezkariek nahiz kooperatibako hainbat kidek. Helburua bat izango da: orain arte etxe barruan egindako lana jendaurrean aurkeztea, Gukak zer ekarriko duen herriari helaraztea.

Zer da, baina, Guka? Kooperatiba sortu zuten zazpi hedabide haietatik jasotako ondarea ahalik eta ondoen kudeatzen saiatu da UKT azken urteotan, herrietako hedabideak mantentzeko eta hobetzeko ahalegina eginez. Dena den, UKT ez zuten sortu horretarako soilik: "UKT sortu genuen gure herritarrei ahalik eta tokiko kazetaritza onena eskaini ahal izateko, garaiari egokituz, eskaintza berrituz eta eraldatuz", adierazi du Gorka Zabaleta UKTko zuzendari nagusiak.

Horregatik, ondare horren muinari uko egin gabe, aurrera begira jarriko gaituen estrategia berri baten beharra sumatu genuen, eta estrategia berri horrek hartu duen izena da Guka. Hiru hanka ditu: marka eraldaketa, eskaintza berritzea eta kidetzeko formula berria.

"Gure komunitateaz jarduten dugu, gure hizkuntzan: Guka gara"

Marka berri batekin asmatzea ez dela "erraza" izan nabarmendu du Zabaletak; "are zailagoa aurrekoen itzala hain luzea" denean. Baina, bost urteotan egitura bakarrean funtzionatu du kooperatibak, eta bost erredakziotan banatuta bagaude ere, lantalde bakarra da UKTrena. Horregatik, orain arte hainbat marka mantendu baditugu ere, bakarrean batzeko garaia dela ohartu gara: Guka izango da marka berri hori. "Azken finean, gure herrietatik sortutako komunikazio taldea gara, gure komunitateaz jarduten dugu, gure begiekin, gure erara, gure hizkuntzan: Guka gara", adierazi du Zabaletak.

Marka berria hedabideetan

Astelehenean aurkeztuko dugu Guka, baina zer nabarituko dute herritarrek aurrerantzean? UKTk argitaratzen dituen hedabide guztiek Guka marka hartuko dute, baina, aldi berean, herrietako hedabideei eutsiko diegu. Nola? Urola Kostako Hitza egunkaria Guka egunkaria izango da aurrerantzean; Erlo Telebista, Guka Telebista; eta Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneak Guka.eus atarian batuko dira. Herrietako lau aldizkariak eta webguneak ere mantendu egingo dira, baina haien izenak aldatu egingo dira. Esate baterako, Azpeitia Gukak ordezkatuko du Uztarria, Azkoitia Gukak Maxixatzen, Orio Gukak Karkara eta Zumaia Gukak Baleike. Produktu berriek ere, Guka marka hartuko dute: adibidez, aurki aurkeztuko dugun Guka aplikazioak.

Beraz, zazpi marka kudeatzetik, produktuei eta herriei egokitutako marka bakarrera pasatuko da UKT.

Marka bateratzearekin batera, eskaintza berria ere aurkeztuko dugu astelehenean, baita bazkidetza formula berria ere.

Gukakide festak

Astelehenean Azpeitian egingo dugun aurkezpena erakundeei bideratutakoa izango da, baina herritarrekin ere ospatu nahi dugu aro berriaren hasiera. Beraz, herriz herri Gukakide festak egingo ditugu maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran, herritarren babesa ezinbestekoa delako UKTren proiektuak indartsu jarrai dezan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide