AINHOA USANDIZAGA
"Oso garrantzitsua iruditzen zait Talai Mendi elkarteak antolatu duen mendi astea bezalako egitasmoak edukitzea herrian. Nire ustez, elkarte gehienek antolatzen dituzten egitarauek bizitza ematen diote herriari, eta hori, mendez mende, belaunaldiz belaunaldi, mantendu beharreko altxorra dela uste dut. Horregatik guztiagatik, modu batera edo bestera parte hartzeko asmoa dut. Esaterako, maiatzaren 18rako eta 26rako antolatu dituzten ekintzetan parte hartuko dut. Hain zuzen ere, egun horietan izango dira Talai Mendi Trail mendi lasterketa eta Kukuarri Eguna. Bi kasuetan izerdi pixka bat ateratzera joango naiz. Beste ekintza guztietara, printzipioz, ikusle gisa joatea espero dut".
JON ITSASO
"Bai; esaterako, Kukuarri Egunean. Bezperan kamioia-eta prestatzen ditugu hurrengo egunean beharko ditugun gauzekin, eta arratsaldean gora igotzen gara. Karpa muntatzen dugu, bertan afaldu, eta oheratu egiten gara. Hurrengo egunean 06:30 aldera esnatzen gara salda-eta prestatzeko, eta hori martxan jartzen dugunean, pixkanaka hamaiketakorako hasten gara gauzak prestatzen: mahaiak, karpa eta zakarrontziak jarri, edariak freskatu... 09:30-10:00 aldera hasten gara hamaiketakoak ematen, eta amaitutakoan, berriz dena bildu eta txukun-txukun uzten dugu. Dena kamioira sartu, eta Talai Mendi elkartearen lokalean uzten ditugu gauza guztiak, hurrengo urterako dena prest egon dadin".
MARI JOSE MANTEROLA
"Gorbeiara antolatu duten ibilaldira ezingo dugu joan, baina urte askoan egin izan ditugu txangoak Talai Mendirekin. Euskal Herria zeharkatzen duen GRa egina dugu, baita ardoaren eta arrainaren bidea ere, hasi Errioxan eta Bermeora arte. Haurrak txikiak zirenean hamabostero ateratzen ginen mendi taldearekin. Kukuarri Egunean ere beti izan ohi gara tontorrean, eta aurten ere badugu joateko asmoa hilaren 26an. Egun eder askoak egin izan dizkigu Kukuarri Egunean, eta urte batzuetan denok pasacallean handik herrira jaitsita ere bagaude. Gero elkartean afaltzen genuen, koinatua egun horretakoa baita. Urte batean, hori bai, itsasotik sekulakoa sartu zen, eta korrika batean jaitsi behar izan genuen tontorretik!".