Maria Eugenia Arrizabalaga: "Pandemian hasi zuten kanpaina, eta gezurretan oinarritu dute"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 23a, 11:00

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea. (EAJ)

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk lortutako emaitzen balorazioa egin du Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, 1967) legebiltzarkideak.

Eskarmentu handia du politikagintzan Maria Eugenia Arrizabalagak (Zumaia, 1967). Zumaiako alkate eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJren bozeramalea izan ondoren, bigarren legegintzaldiz jarraian legebiltzarkide izango da. Hauxe dio hauteskundeek emandakoaz jeltzaleen Gipuzkoako zerrendan hirugarrenak: "Balorazioa positiboa da. Ezin du bestelakoa izan, Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi egin dituelako hauteskundeak.

Kanpaina benetan itogarria jasan behar izan dugu, eta itogarria ez ezik, luzea ere bai. Ez da izan hamabost eguneko kanpaina, ezta hilabete eta erdiko kanpainaurrea ere. Esango nuke batzuek pandemiatik hasitako kanpaina izan dela, eta, neurri handi batean, gezurretan oinarritu dute. Nire ikuspegitik, benetan zaila izan da orain arte entzun behar izan ditugunak jasatea: batetik, Osakidetzaren ustezko desegitea eta pribatizazioa, eta, bestetik, zerbitzu publikoek orokorrean izan duten ustezko gainbehera. Horri guztiari aurre egin behar izan diogu, eta nahiz eta Europako bazter askotan pandemia eta bere ondoriok erabakigarriak izan diren gobernuak aldatzeko, hemen ez da hori gertatu. Azken finean, herritarren parte handienak EAJrengan duen konfiantza berretsi du.

Hala, botoa eman diguten 370.554 euskaldun abertzale horietako bakoitzari eskerrik asko handiena eman nahi diot eta hitz eman ez diogula hutsik egingo. Hemendik aurrera badugu zer egina gauzak hobetzen jarraitzeko, eta gugan sinetsi ez duten horiei ere adierazi nahi diet EAJk lan egingo duela haien konfiantza berreskuratzeko.

Halaber, EAJko jende guztia zoriondu nahi dut, kanpaina egiten aritu diren alderdizaleak eta alderdikideak. Haiek gabe ez genuke igandeko emaitza lortuko. Sorpasso famatua ez da gertatu, eta baten batzuek beraien hegemonia gogoa gutxienez beste lau urtez gorde beharko dute. Bitarte horretan, EAJk politika abertzalea egiten jarraituko du; Imanol Pradales izango dugu lehendakari, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko buru.

Urola Kostara begira, ukaezina da EH Bilduk indar handia duela eskualdean, baina hori ez da berria. Oraingoan alderdi sozialista ez den gainerako ezker espainiarra bereganatu du orokorrean, eta gure herrietan ere antzerako zerbait gertatu dela iruditzen zait. Dena den, argitu behar da joan den igandekoak ez zirela izan foru bozak, ezta udalekoak ere; hauteskunde nazionalak izan ziren, euskaldunon %70 ordezkatzen duen legebiltzarra aukeratzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide