Ordu gutxi falta dira 23. Korrikak Orioko eta Aiako lurrak zapaltzeko, eta dena prest dago merezitako ongietorria emateko. Korrika bera 23:57 aldera iritsiko da Oriora Usurbildik barna, eta herritarrek arratsaldean hasiko dute festa, Korrika Txikiarekin. 15:00etan izango da hori, eta hondartzatik abiatuko dira DBHko ikasleak, eta plazara arte, adin guztietako ikasleek egingo dute lasterka. Honakoa da ibilbide zehatza:
- DBH3 Balea jatetxetik hasi eta biribilgunetik kanpinera.
- DBH2 kanpinetik Zaragueta parera.
- DBH1 Zaraguetatik Abaromendi 27 paretera.
- LH6 Abaromendi 27tik autopista azpira.
- LH5 Autopistatik- Kosta Tailerrera, AEK.
- LH4 AEK-tik haur eskolara.
- LH3 Haur eskolatik kiroldegira.
- LH2. Kiroldegitik Arrantzalera, Arkaitz aurrera.
- LH1. Ikastola aurretik plazara.
- HH5 Plazatik plaza gorri hasierara.
- HH4 Plaza gorri hasieratik Gailego zaharrarera.
- HH3 Gailego zaharretik Errustara.
- HH2 Errustatik plazara.
19:00etan, berriz, bertso poteoa egingo dute Eneritz Artetxe eta Iñaki Gurrutxagarekin, eta kalez kale ibiliko dira, 20:30ean pintxo jana egiteko gelditu arte. Plazan izango da hori.
23:57etik aurrera, azkenik, herriko gune askotan egongo da Harro Herri Korrikarekin bat egiteko aukera (hau da ibilbidea eta honakoak dira lekukoa eramango duten eragileak), eta bertan parte hartu nahi duten aiarrek ere aukera izango dute joan-etorria autobusean egiteko, udalak kilometroa erosi baitu Korrika udalerritik pasatzen den puntuan. Hala, Zudugarai inguruan korrika egiteko aukera izango dute herritarrek.