Ubegun industriagunea txiki geratu da gaur goizeko lehen ordu hauetan. Izan ere, Gipuzkoako baserritarrek, EHNE eta ENBA sindikatuek eta Baso Elkarteak mobilizatzeko deia egin dute gaur, eta hiru traktore ilara ziren abiatzekoak Gipuzkoako puntu ezberdinetatik; horietako traktore ilara batek abiapuntu izan du Aiako Ubegun industria. 9:00etan zuten jarria hitzordua, baina dezente iritsi dira ordua baino lehenago. Zenbateko zehatza esatera ausartu ez diren arren, Urola Kostako herri ezberdinetakoak elkartu direla azaldu dute antolatzaileek. Besteak beste, Baserria bizirik; Baserritarrak ez etorkizunik ez; Gure baserriak zure elikadura denon etorkizuna gisako mezuak irakurri zitezkeen pankartetan.
Donostia bidean da jada traktore karabana. Hiria zeharkatuko dute beren egoera salatu eta aldarrikapena zabaltzeko, eta ondoren Miramonera igoko dira, Bartzar Nagusien egoitzara. Bertan manifestuaren irakurketa egingo dute, eta dokumentua Gipuzkoako alderdi politiko guztietako ordezkariei helaraziko diete.