Gipuzkoa Merkatarien Federazioarekin lankidetzan, merkataritza eta zerbitzu sektoreetako profesionalei zuzenduriko trebakuntza-formakuntza eskaintza diseinatu du Urola Kostako Udal Elkarteak UKUEk. Programa honek helburu nagusi bat izango du, merkataritza sektoreko profesionalak digitalizazio zein iraunkortasunaren alorretan trebatzea eta horrela, beren enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, hain zuzen. Ikastaroak, gainera, %100ean diruz lagunduta daude.
Otsailaren 27an hasita, martxoaren 21a bitartean emango da trebakuntza programa hau eta zortzi saioz osatuko da. Otsailaren 27an eta 29an emango da baita martxoaren 5, 7, 14, 19 eta 21ean ere. Denak ere arratsaldez emango dira, 14:00etatik 16:00etara bitartean, UKUEk Zarautzen duen egoitzan. Jorge Malkorrak eta June Aymatek gidatuko dituzte saioak eta gaztelaniaz izango dira.
Antolatzaileen arabera, ikastaro honek “digitalizazioa du ardatz eta saltokien online eta off line esperientzien konbinazioa izango ditu oinarri. Hortik abiatuta, ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei bi espazio horiek bezeroaren esperientzia hobetzeko baliatzen erakustea eta marka identitatea sare sozialetan zein saltokietan islatzeko edota bezeroaren leialtasuna lortzeko gakoak eskaintzea, horretarako komunikazio digitalaz baliatuta, besteak beste”.
Ikastaroan parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Interesdunek enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi, edo 943-89 08 08 telefonora deitu beharko dute.