Eduki babestua

Merkealdia: probetxurik handiena ateratzeko aholkuak

Erredakzioa 2024ko urt. 22a, 10:00

Artxiboko irudia: rawpixel.com

Armairua beteko duzu nahiz eta ia erabili gabeko arropa asko izan? Merkealdian erosketa arduraz, zentzuz eta ahal den berme handienaz egin behar da.

Garai honi etekin handiena ateratzeko, zer behar dugun jakin behar duzu, eta erosketa konpultsiboak saihestu:

  1. Planifikatu. Egin ezazu zerrenda bat behar duzun horrekin eta aurrekontu bat prestatu. Horrela jakingo duzun non dagoen zure muga.
  2. Presioa. Ez erosi presiopean eta publizitateak duen eragina saihestu. Oso merke dauden produktuekin kontuz ibili: kalitate txarreko produktu bat prezio merkean erostea ez da pagotxa.
  3. Ondo aukeratu. Erosi produktu baliagarriak eta benetan erabiliko dituzunak. Merkealdiari benetan etekina ateratzeko, luzaroago erabil daitezkeen artikuluetan inbertitu behar da eta beste denboraldi batzuetan ere balio izango dutenetan.
  4. Itzultzeak. Eskatu tiketa, gorde eta itzultze-politikari buruz galdetu.
  5. Erreklamatu. Arazorik izanez gero, eskatu erreklamazio-orria.

Eta gogoratu, merkealdian ez dira zure eskubideak murrizten eta horretarako establezimenduek zenbait arau bete behar dute:

  • Agerian egongo dira jatorrizko prezioa eta prezio beheratua. Produktu merkatuek merkealdian ez dauden beste produktuez bereizita egon behar dute. Bestalde, saltoki bat merkealdian baldin badago, salmentan dauden produktuen erdiek, gutxienez, merkeago egon behar dute.
  • Produktuen bermea ez da inola ere aldatuko, eta 3 urtekoa izango da produktu berrietarako.
  • Denda fisikoek finkatzen dute itzulketa-politika eta iragarrita egon behar du. Establezimendu ugarik onartzen dute produktua itzultzea edo aldatzea, baina zenbait saltokietan aukera hori ez dute onartzen, beraz, eska ezazu itzulketa-politikari buruzko informazioa produktu bat erosi baino lehen. Online erositako produktuak itzultzeko, aldiz, 14 eguneko epea izango duzu.
  • Ordaintzeko politikari dagokionez, kontuan izan saltokiak ez daudela txartel bidezko ordainketak onartzera behartuta eta gutxieneko zenbateko bat ezar dezakete txartel bidez ordaintzeko. Kasi batean zein bestean, saltokiak horren berri eman beharko du.
  • Produktu bat erosten duzun bakoitzean eskatu eta gorde erosketa-txartela (erreklamazioren bat egin behar baduzu, beharrezkoa izango da). Saltokia ematera behartuta dago nahiz eta merkealdian egon.

Arazorik baldin baduzu, lehenengo establezimenduarekin akordio batera iristen saia zaitez. Hori ezinezkoa bada, erreklamazio-orria eskatu eta Kontsumobiden aurkeztu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide