Maider Usandizaga, Aroa Sanchez eta Itxaso Erasun kirolariekin hitzaldia antolatu du Andatzako auzo elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urt. 3a, 17:00

Emakume bat salto egiten. (Pixabay)

Emakumea eta kirola izenburupean, bihar, osteguna, izango da solasaldia Aiako auzo horretako elkartean.

Emakumea eta kirola izenburupean, 2024 urtea hasteko hitzaldia antolatu du Andatzako auzo elkarteak, eta solasaldia bihar bertan izango da, hilak 4, osteguna, 19:00etan auzoko elkartean. Hiru emakumek eskainiko dute hitzaldia: Maider Usandizaga pilotu oñatiarrak, Aroa Sanchez harrijasotzaile oriotarrak eta Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak. Ane Sarasola Andatzako auzo elkarteko kideak egingo dizkie galderak hirurei, eta amaieran, herritarrek ere aukera izango dute hiru kirolariekin hitz egiteko nahiz haiei galderak egiteko.

Sarasolak hedabide honi azaldu dionez, aurreneko aldia da gai horri buruzko hitzaldi bat antolatzen dutena, eta uste du "jendeari interesatzen zaion gaia" dela, eta baita gizartean "gero eta oihartzun handiagoa" lortzen ari dena ere. "Iaz dokumental emanaldia antolatu genuen, eta aurten zerbait desberdina egin nahi genuen, eta horregatik antolatu dugu hitzaldia". Sanchez oriotarra da eta lehendik ezagutzen dute, baina baita beste bi kirolariak ere: "Itxaso [Erasun] etorri izan da nutrizioari buruz hitz egitera, eta ezagutzen genuen. Baita Maider [Usandizaga] ere, Andatza-Aia Igoera auto lasterketa dela eta. Horregatik elkartuko ditugu hirurak".

2024ari begira, auzo elkarteak ohiko ekintzak antolatzeko asmoa duela kontatu du Sarasolak. Hala, martxoan sagardo dastaketa eta bazkaria egingo dute, ekain hasieran usokume tiraketa, eta ekain bukaeran, berriz, auzoko festak izango dira. Urri-azaroan antolatuko dute azken ekintza, auzoko eguna ospatuko baitute orduan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide