Ezingo da patinete elektrikorik trenera sartu urtarrilaren 15etik aurrera

Juan Luis Romatet 2024ko urt. 3a, 12:00

Patinete elektrikoak modan jarri dira azken urteotan.

Patinete elektrikoak eta mugikortasun pertsonaleko antzeko ibilgailuak debekatzea onartu du Euskotrenek, "segurtasun arrazoiengatik". Debeku horrek ez die eragingo mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuei, ezta bizikleta elektrikoei ere.

Urtarrilaren 15etik aurrera ezingo dira igo patinete elektrikoak Euskotreneko trenetara. Erabaki hori hartu du Bilboko Metroarekin batera, Euskal Trenbide Sareak koordinatuta. Debeku hau denboran mugagabea izango dela ere iragarri dute hiru erakundeek.

Mugikortasun pertsonaleko elementu mota horiek azken urteetan sortu dituzten "gorabehera larriak" aztertu dituztela azaldu dute. Debekua aplikatuko duten erakundeen arabera, gailuen bateriek eragin dituzte gorabehera horiek, eta "kalte fisiko eta material larriak eragin dituzte suteen eta deflagrazioen ondorioz". Gaineratu dute ezin dela onartu "elementu horiek gaur egun izan dezaketen arriskua, horrelako gertakari batek bidaiarien osotasun fisikoan izango lituzkeen ondorio larriengatik, bereziki garraio publiko baten barruan". Antzerako neurriak hartu ditu, esaterako, Renfek ere bere trenetan. 

Hala, hilaren 15etik aurrera, ezingo dira trenetara sartu tolestutako patinete edo monoziklo elektrikorik. Debekua instalazio guztietara hedatuko dela azpimarratu dute, hala nola atondoetara eta nasetara, sarrerako eta irteerako balidazio-lineatik abiatuta. 

Era berean, zehaztu dute debekuak ez diela eragingo mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuei, ezta bizikleta elektrikoei ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide