Festen antolaketa ez da arratsalde bakarreko kontua. Bilerak nola eta noiz antolatu, diseinatu, jasotako proposamen eta ekarpenak landu, aurrekontura egokitu, materiala berrikusi... eta beste hamaika egiteko ditu jaien antolaketak, sarritan ezkutuan eta isilean egiten diren lanak.
Bide horretan, irailaz geroztik, lau aldiz bildu da festa batzordea. Udako oporretatik bueltan, orri zuria eskuetan, herritarren ideia zaparradari heldu, eta nolako jaiak nahi genituen irudikatu genuen. Urrian eta azaroan zehar, ideia horiei forma eman diegu eta 2023ko sanikolasetako egitaraua itxi dugu, eta azken prestaketa lanekin gabiltza orain.
Sentsibilitate askotako zein eremu askotan lanean dabiltzan berrogei lagun inguru bildu ginen lehen bilera hartan, eta han proposatutako eta landutako aisialdi eta kirol eskaintzaz, musikaz eta dantza ekimenez osatutako egitaraua da orriotan duzuena, eta nola ez, aurten ere kaleak parrillako ke eta eltze usainez beteko ditugu, jan-edana ere ez delako faltako. Eguneko ekitaldiak indartzeko nahiarekin josi dugu egitaraua, adin guztietako herritarrentzako, nahi eta gustu desberdinak kontuan hartuta egindako ahalegina.
Ahaleginak ahalegin, ekaineko txupinazo koloretsuaren ostean, oraingo honetan ere dantzan, koloretsu eta irribarre batekin hasi nahi ditugu festak. Txarangaren doinu dantzagarriarekin eta arrantzale zapiarekin ekingo diegu herriko festei. Omenduei egin ohi zaien ekitaldia, beraz, San Nikolas egunez izango da. Merezi duten aitortza ekitaldia egingo diegu, Danbolin musika eta dantza eskolako bandaren kontzertuaren ostean, Salatxoko eta Harribileko kideekin, txistulariekin, udal ordezkariekin eta Pello eta Nikolasa erraldoiekin batera.
Guztira 59.000 euroko aurrekontua dute aurtengo festek. Inguruko festa garestienak ez badira ere, mimoz landutakoak dira, eta Orioko festetako ekitaldi bakoitzaren atzean dago hori guztia aurrera ateratzen duen herritar talde konprometitua. Festaren atzeko eta isileko lanak tarteka agerian jarri behar direla iritzita, eta herri proposamen guztiak aztertuta, herriari eskatzeaz haratago, eskaintzeko nahia izan duten horien lana omentzera goaz. Festek kultur eta kirol ekitaldiak izaten dituzte, besteak beste, baina zer da ba festa jan-edanik gabe? Isilean eta musu truk egindako lana erdigunean jarri eta hamaika aldiz parrillaren eta sukaldearen bueltan aritu izan den sukaldari kuadrillari egin nahi izan dio aurtengoan aitortza festa batzordeak.
"Festa da parranda eta parranda da festa, baina bada aldarrikapena ere"
Festa bada aisialdirako unea, dibertsiorako eta libertimendurako unea. Festa da parranda eta parranda da festa, baina bada aldarrikapena ere. Festa antolatzea ez baita ekitaldiak zerrendatze kontu hutsa, horregatik, gatazkak eta iritzi desberdinak ere plazaratzen dira batzordean. Norbanako bakoitzaren musika eta ekitaldi gustuak alde batera utzi, eta herritar guztion festak nolakoa izan behar duen hausnartzea ere badagokigu. Eremu pribatuan eragin nahi badugu, eremu publikoan eragiten hastea badagokigulako. Horretara datoz, euskaraz festak antolatzen jarraitu nahi izatearen aldarria, giza jokabideekin errespetuzkoak eta ingurugiroarekin jasangarriak izateko nahia.
Hartu ditugu datozen festetarako ere etxerako lanak. Festak berak bezala, errespetuzkoa behar duelako izan atzeko lanak. Belaunaldien arteko transmisioak bermatuko baitu herrigintza eta auzolana. Iritziak iritzi, pozgarria da festa batzordean parte hartu duten adin desberdinetako herritarrek eta eragileetako ordezkariek elkarrekin ideiak konpartitzea. Garai berrietan behar ditugu modu eta molde berriak, baina beharko dugu jakin nondik gatozen, nora joateko.
Datozen orrietan doakizue aurtengo San Nikolas festetarako antolatutakoa. Horra gozatzeko eta gozatzeaz haratago, lagunartean, kuadrillan, familian parte hartzeko gonbidapena. Festa zer da, bada, oihu, zalaparta eta eskandalurik gabe!