Udal bozak pasatu eta ia hiru astera, larunbatean, ekainaren 17an, egingo dira udalbatza berriak osatzeko kargu hartze ekitaldiak. Aian 09:00etan izango da eta Orion 10:00etan, biak ala biak herri bakoitzeko udaletxeko areto nagusian izango dira. Hain zuzen ere, egun eta ordu horietan hartuko dute kargua 2023-2027 agintaldian Aiako eta Orioko udalbatzak osatuko dituzten hautetsiek.
Aia
Jon Ander Azpiroz izango da Aiako alkatea datorren agintaldian, eta Nekane Arrizabalagak pasako dio lekukoa. Aiako EAJk aurreko agintalditik zuen zinegotzi kopuruari heldu dio; izan ere, bukatzear den agintaldian sei zinegotzi izan dituzte jeltzaleek, eta hurrengoan ere hala izango dituzte. EH Bilduk lau ordezkari izango ditu, aurreko agintaldian baino bat gutxiago, eta Aiako Batzarre Burujabetza udalbatzako kide izango da lehen aldiz, ordezkari batekin.
Honako herritar hauek osatuko dute Aiako Udalbatza berria:
Orio
Orion Anuska Esnal izango da Orioko alkatea datorren agintaldian ere. EH Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen maiatzaren 28ko udal hauteskundeak, aurreko agintaldian izan zuen zinegotzi kopurua nabarmen handituz; sei zinegotzi izan dituzte bukatzear den agintaldian eta hamar izango dituzte hastear denean. EAJk, berriz, hiru ordezkari izango ditu udalbatzan.
Zinegotzietan ere aldaketak izango dira, 2019-2023 agintaldian udal hautetsi izan diren hainbat kidek ez baitute karguan segituko. Honako hauek utziko dute udaleko jarduna: EH Bilduko Beñat Solaberrietak eta Bakartxo Olidenek; EAJko Andoni Torresek, Amaia Gozategik eta Jose Javier Gomez de Segurak; Orain herri plataformako Jose Angel Iparragirrek, eta PSE-EEko Ana Priedek.
Horrenbestez, hainbat hautetsi berri izango dira hurrengo agintaldian Orioko Udaleko ordezkari. EH Bildu ordezkatuko dute udalean lehen aldiz Olatz Santamariak, Iñaki Makazagak, Lohitzune Solabarrietak, Iosu Lizarraldek, Nagore Rementeriak eta Inaxio Alguacilek. EAJren udal taldean, berriz, Noemi Ostolaza zerrendaburua izango da aurpegi berria.
Hala, honako herritar hauek osatuko dute Orioko Udalbatza berria: