Anuska Esnal eta Jon Ander Azpiroz izango dira Orioko eta Aiako alkateak, hurrenez hurren, 2023-2027 agintaldian, eta horiek nahiz udalbatza osatuko duten zinegotzi guztiek ekainaren 17an, larunbatez, hartuko dute kargua. Ordua zehazteko badago ere, egun horretan osatuko dute udalbatza berria, udaletxeko areto nagusian.
Esnal funtzioetan da alkate atzoz geroztik; izan ere, bera izan da alkate bukatzear den agintaldian ere. Hark jasoko du Orioko aginte makila berriro ere, EH Bilduk gehiengo osoz irabazi baititu udal bozak. Zehazki, aurreko agintaldian baino lau zinegotzi gehiago izango ditu EH Bilduk; EAJk berriz, bi zinegotzi gutxiago edukiko ditu udalean.
Aian, Nekane Arrizabalaga alkateak kargua utzi egingo du ekainaren 17an, eta bere lekukoa hartuko du datozen lau urtetan alderdikidea duen Jon Ander Azpirozek. Zinegotzi kopuru bera izango du EAJk Aian, 6 edukiko ditu. EH Bilduk, aldiz, bat gutxiago izango du hastear den legealdian, 4 ordezkari. Aiako Batzarre Burujabetza sartuko da lehen aldiz udaletxean, zinegotzi batekin.
Bi herrietan zinegotzietan aldaketak izango dira, bai EH Bilduren kasuan, bai EAJrenean. Honako herritar hauek osatuko dute udalbatza berria Orion: Anuska Esnal, Olatz Santamaria, Xabier Ibarguren, Ainara Munduate, Bittor Andres, Iñaki Makazaga, Lohitzune Solabarrieta, Iosu Lizarralde, Nagore Rementeria, Inaxio Alguacil, Noemi Ostolaza, Lurdes Salsamendi eta Jon Basurko.
Aian, udalbatzarrean izango diren zinegotziak ondorengoak izango dira: Jon Ander Azpiroz, Miriam Sarasola, Josu Lizaso, Ainara Saizar, Garazi Eizmendi, Lorenz Orbegozo, Aitor Arregi, Irati Eizagirre, Gontzal Aldai, Iñaki Gurrutxaga eta Roman Berloso.
Hona hemen Aiako eta Orioko udalbatzetako kideak