Herri kirol jaialdi mamitsua antolatu dute igande eguerdirako Aian. 12:00etan hasita, gizonak zein emakumeak aizkoran, harri jasotzen eta herri kiroletako beste hainbat modalitatetan ikusteko aukera izango da probalekuan.
Alde batetik, 2022ko Urrezko Aizkolarien Kopako final aurrekoa lehiatuko dute, eta horretan, Hodei Ezpeleta, Mikel Larrañaga eta Ibai Soroa ariko dira buruz buru. Zortzi kanaerdiko enbor azkarren ebakitzen dituen aizkolaria finalerako sailkatuko da.
Bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketan, Iñigo Eizagirre Eiza-k eta Gorka Etxeberriak osatutako bikotea Beñat Telleriaren eta Imanol Royo Lartain-en aurka ariko dira nor baino nor. Lau eratako harriak altxatu beharko dituzte: 175 kiloko laukizuzena, 100 kiloko zilindro zaharra, 125 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.
Azkenik, Emakumeen Herri Kirol Txapelketan, herri kiroletako lau modalitatetan —txingetan, harri jasotzen, aizkoran eta ingudea altxatzen— ariko dira Txindoki taldea osatzen duten lau kirolariak: Ainitze Zumeta, Udane Ostolaza, Nerea Arruti eta Lierni Osa.