Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Aiako eta Orioko udaletako gizarte zerbitzuek KARKARAri emandako datuek argi erakusten dute bi herriotan ere bizi-bizirik jarraitzen duela indarkeria matxistak.
Iaz, ez zuten kasu bat bera ere artatu Aiako Gizarte Zerbitzuetan; aurten, ordea, bai: emakume batek jo du laguntza eske. 20 urte baino gutxiago ditu emakumeak, hurbileko lagun batengandik indarkeria sexuala jasanda jo du Gizarte Zerbitzuetara eta erasoa salatu egin du.
Orion, askoz handiagoa da Gizarte Zerbitzuen laguntza jaso duten indarkeria biktimen kopurua: iazko azarotik aurtengo azarora, hamasei lagun izan dira. Horietatik hamabik 25 urte baino gutxiago dituzte; hiruk, 25 eta 50 urte artean; eta batek 50 urtetik gora ditu. Biktimetatik hamalauk indarkeria matxista jasan dute, batek bortxaketa jasan du eta beste batek, familia indarkeria.
Duela bi urte, 2020an, hamabi izan ziren Orioko Gizarte Zerbitzuetan artatu zituzten indarkeria kasuak; iaz, sei; eta aurten, hamasei. Gorabehera horien atzean zer arrazoi egon daitezkeen galdetu du KARKARAk Gizarte Zerbitzuetan, eta hona hemen azalpena: "2021eko zerrenda begiratu dugu, eta seme-alabak ez ziren kontuan hartu, horregatik atera ziren sei biktima. Dena dela, uste dugu egokiagoa dela horiek ere zenbatzea, finean biktimak dira, baita legearen aurrean ere, eta aurten eta hemendik aurrera, seme-alabak ere kontuan izango ditugu. Hori horrela, iazko sei biktima horiei seme-alabak gehituko bagenizkie, guztira hamalau izango lirateke biktimak".
Hainbat mobilizazio
Orion, 11:30etan hasita, plazan elkarretaratzea egingo dute Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako ikasleek. Aian, berriz, 19:00etan egingo dute indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea, plazan.