Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF), Gipuzkoako udalen finantzaketarako iturri nagusiak, 587 milioi euro banatuko ditu 2022. urtean, aurreikusitakoa baino 18,4 milioi euro gehiago. Gipuzkoako Finantza Kontseiluak ostiralean egindako batzarrean adostu zuen diru bilketa aurreikuspenak eguneratzea, eta atzo, astelehena, elkartu zen Gipuzkoako hainbat udal ordezkarirekin eguneratze horren berri emateko.
Finantzaketarako Foru Funtsetik 1.551.657 milioi euro jasotzea aurreikusten zuen Aiako Udalak 2022. urtean, baina atzoko bileraren ostean jakinarazi zitzaion aurreikusitakoa baino 49.709 euro gehiago jasoko dituela. Orioko Udalak, berriz, 4.619.179 euro jasotzea espero zuen, baina, azkenean, 148.766 euro gehiago izango dira. Zerga bilketa orokorraren igoeragatik jasoko du Gipuzkoako udal bakoitzak aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa. Datorren urteko otsailean berriro elkartuko da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta zergen bidez jasotako diru kopuru erreala zein den baieztatuko dute orduan.
Datorren urtean, berriz, aurreneko aldiz gaindituko du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 600 milioi euroko langa; izan ere, 609 milioi euroko aurreikuspena egin du funtsak datorren urterako. Ekitaldi honetan jasotakoa baino %5,3 handiagoa izango da datorren urtean jasoko duten zenbatekoa. Hala, udalek baliabide gehiago izango dituzte beraien eginbeharretarako. 2023. urtera begira egindako aurrekontu aurreikuspenen arabera, Aiako Udalak 1.657.605 euro jasoko ditu UFFFtik, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 55.639 euro gehiago. Orioko Udalak, berriz, 4.966.069 euro jasoko ditu, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 201.127 euro gehiago. Hori horrela, biztanleko 806 euro jasoko ditu Aiak funts horretatik; eta biztanleko 815 euro jasoko ditu Oriok. Diru kopuru hori aintzat hartuta, udalek 2023. urteko aurrekontuak osatuko dituzte.
2022ko Foru Funtsaren aurrelikidazioa (eurotan)
Herria | 2021eko likidazioa (eurotan) | 2022ko aurrekontua (eurotan) | 2022ko itxiera aurreikuspena (eurotan) | 2022ko betetze maila (%) | 2021-2022 arteko aldaketa (%) | Biztanleko euroak |
Aia |
1.609.324 | 1.551.657 | 1.601.966 | %103,24 | -%0,46 | 779 |
Orio | 4.693.406 | 4.619.176 | 4.768.942 | %103,24 | %1,61 | 782 |
2023ko udal finantzaketarako Foru Funtsa (eurotan)
Herria |
2023ko aurrekontua (eurotan) |
2022ko aurrekontua (eurotan) |
2022ko itxiera aurreikuspena (eurotan) |
Aldaketa (eurotan) | Aldaketa (%) | Biztanleko euroak |
Aia |
1.657.605 | 1.551.657 | 1.601.966 | 55.639 | %3,47 | 806 |
Orio | 4.966.069 | 4.619.176 | 4.768.942 | 197.127 | %4,13 | 815 |