Irailaren 4an, 2022ko Donostiako Estropaden lehen jardunaldian, Vera Cruz itsasontzi portugaldarra Donostiako badian ainguratuko da. XV-XVI. mendeetako karabela portugaldar baten erreplika da, 2000. urtean eraikia, Brasilen aurkikuntzaren bostehungarren urteurrenaren harira. 23,8 metroko luzera du, eta ehun tona inguruko pisua.
Karabelak aukera ematen du 20 pertsonak estropadak leku pribilegiatu batetik ikusteko: badiaren erdialdetik. Horregatik, Donostia/San Sebastian Festak erakundeak atzotik abuztuaren 31ko 23:59ak arte zabalik edukiko du irailaren 4ko estropadak ikustera joateko 10 gonbidapen bikoitzen zozketan parte hartzeko aukera.
Bete beharreko baldintza bakarra da 16 urte baino gehiago izatea.
Zozketan parte hartzeko, honako formularioa bete behar da. Zozketa irailaren 1ean, 12:00etan, egingo da Donostia Kultura Festak erakundearen bulegoetan (Konstituzio plaza).
"Itsasontziaren helburua da nabigazioari eta itsas esperientziei buruzko prestakuntza ematea, batez ere gazteei, lehiaketetan eta beste ekitaldi nautiko batzuetan parte hartzeko, karabela zaharren portaera eta maneiua ikertzeko, eta azterketa xede duten itsas bidaiak egiteko", azaldu dute. Hilaren 6an, Elkanoren Egunean, Getariako Udalak prestatutako ospakizunetan parte hartuko du karabelak.