125 urte, lau irudi

Onintza Lete Arrieta

Arraunetxeko erakusketa gelan daude Orioko gizon-emakumeek lortutako ligako koronak eta bestelako garaikurrak. (Arnaitz Rubio Aprea)

Banderen erakusleihoa

778 bandera dituzte jasota Arraunetxen (831tik 53 falta zaizkielako), eta jendeak ikusteko moduan, kostalde osoko lagina dute. Gipuzkoatik hasita, garrantzitsuena Kontxakoa, eta ondoren Bizkaiko, Kantabriako (Espainia) eta Galiziako banderak dituzte. Atzerago daude Lapurdikoak. Bandera esanguratsuenen artean, emakumeen traineruak irabazitako aurrenekoa ere hortxe dago ikusgai. 2010ean Erandion irabazitakoa da.

Nazioarteko estropadetako kartel originalak

Arraunetxeko erakusketa gelako horma oso bat hartzen dute aulki mugikorreko nazioarteko estropadetako kartelek. Kartel originalak direla azaldu dute. Karteletan bereziena, agian, irudikoa da, 1946. urtekoa. "Urte hartan Pedreñak irabazi zituen Kontxako Bandera eta Bilbokoa, eta kantabriarrek antolatu zuten Espainiako Txapelketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak kartel hori argitaratu eta banatu zuen Gipuzkoa osoan barrena, Orio animatuz eta gipuzkoarren ordezkari lehiatu zitezen. Dirua ere denen artean lortu zuten astebetez han entrenatu zezaten. Joan, eta irabazi egin zuten".

Garaikurren istorioak

Banderak ez ezik, garaikur asko daude Arraunetxeko erakusketa gelan. Mahai baten gainean daude asko; berezienak, beirateen atzean, giltzapetuta. Espainiako Arraun Federazioak emandako zilarrezko garaikur bat, tartean, zortziko ontzi baten formakoa. Baita Orioko Udalak herriko estropadetan emandako kopa itxurako garaikurra ere. Hiru garaikur berdin daude, horietako bat, tamainaz besteak baino handiagoa, udaletxean, alkatearen bulegoan. Udaletxean dagoen beste bat da irudikoa: Bizkaiko Foru Aldundiak eman ohi zuena, 1925. urtekoa da.

"Benetako" banderak

Bandera politagoak eta itsusiagoak irabazi izan dituzte oriotarrek historian zehar, egoera politiko bakoitzaren isla ere badirenak, sarri: tartean, Espainiako banderaren kolorea daramatenak, eta Espainiako Errepublikarena daramatenak. Kolore haiek aspaldi desagertu ziren, eta gerora ihes egin duen beste ezaugarri bat ere bada: banderen kalitatea. Orain urte gutxira arte eskuz brodatuak izaten ziren; gaurkoak makinaz eginak dira, eta irudia alde bakarretik dutenak, gainera.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Erlazionatuak

873 lortuta ere, bandera gosez

Onintza Lete Arrieta aza 26, 08:00 Orio

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide