873 lortuta ere, bandera gosez

Onintza Lete Arrieta

Joxemari Olasagasti, Luis Azkue eta Iñigo Gaztañazpi, Arraunetxen, Orioko arraunaz argitaratutako liburuak eskuetan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Oriok 1901. urtean irabazi zuen bere historiako aurreneko bandera. Iaz 125 urte bete zirenez, aurten liburuxka bat argitaratu dute klubak irabazitako banderak oinarri hartuta. Joxemari Olasagastik, Luis Azkuek eta Iñigo Gaztañazpik osatu dute 125 urte banderaren bila lana. Zenbakiak ez dira nolanahikoak; 831 bandera zituen klubak duela urtebete, eta 42 gehiago ditu orain, amaitu berri den denboraldi oparoari esker

"Gora Mitxelena ta/ beraren kuadrilla/ urte askuan ondo/ kontserba dadila./ Buruz azkarra eta/ memoriz abila/ berriz ere saiatuko gera/ banderaren bila".

Hala daramatzate oriotarrek 125 urte, banderaren bila, 1901. urtean aurrenekoa irabazi zutenetik. Ez zuten edonolako bandera irabazi, ezta edonolako arraunlariek jokatu ere: Kontxako bandera eskuratu zuten, nork, eta hilabete batzuk lehenago Kantauriko azken balearen harrapaketan parte hartu zuten Manuel Olaizola patroiak eta haren kuadrillak. Ordutik, arrauneko gertakizun eta istorio asko kontatu dira herrian ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi, baita bertsotan abestu nahiz egunkarietan eta liburuetan idatzi ere. Mende eta laurdeneko urteurren hori gogoan, aurten bertan kaleratu du Orioko arraunaren historia biltzen duen liburua Iñaki Iturain idazle oriotarrak.

Hiru lan daude argitaratuta Orioren banderen zerrendekin, azken hau formatu berritzaileagoan

Beste batzuek, berriz, datu, argazki eta uki daitezkeen elementuen bidez kontatu dute historia hori. Izan ere, Luis Azkuek, Joxemari Olasagastik eta Iñigo Gaztañazpik 125 urte banderaren bila liburuxka plazaratu dute Orio Arraunketa Elkartearen eta Orioko Udalaren laguntzarekin. Mende eta laurdeneko ibilbidean, 831 bandera eta bost koroa kontatu dituzte. 2025eko datuak dira horiek, baina. Aldatu dira dagoeneko, ondo aldatu ere: 873 bandera eta sei koroa zenbatu behar dira orain, aurten, besteak beste, gizonezkoen traineru nagusiak irabazitako Kontxako Banderari eta Eusko Label ligako hamasei banderei eta koroari esker.

Azkuek hasi zuen datuen bilketaren bidea, 1975ean. Liburu bat osatu zuen orduan, gaztelaniaz: Orio en el remo, 75 años de historia. Bertan, Oriok ordura arte irabazitako bandera guztien argazkiak bildu zituen, bakoitzean jokatu zuen arraunlarien zerrendarekin. Sekulako arrakasta izan zuen liburuak, Olasagastik gogoan duenez. "Garai haietan ez zen asko idazten arraunari buruz, eta izugarrizko arrakasta izan zuen". Banderen irudiak ardatz zituen bigarren liburua ere argitaratu zuten, 2001. urtean, aurreneko bandera haren mendeurrenean. Orioko Udalak "kalitatezko liburua" osatu zuen, bandera bakoitza koloretan erakutsita, eta orduan ere bandera irabazi zutenen izenak zerrendatuta.

1975ean, 2001ean eta aurten kaleratutako lanak. Hiruretan klubak irabazitako banderak dira ardatza. (Arnaitz Rubio Aprea)

Iazko denboraldia amaitutakoan, 125. urtea amaitutakoan, alegia, Azkuek esan zuen polita zatekeela berriz ere liburua kaleratzea, are gehiago gizonezkoek Kontxako Bandera eta Eusko Label liga irabazita. Nola egin pentsatzen hasi ziren. "Aurreneko liburuan 100 bandera inguru ziren; bigarrenean, 330 bandera; gaur egun, 800 baino gehiago. Informazioa bagenuen, baina 1.000 argazkiko liburu bat egitea ez genuen bideragarri ikusten", azaldu dute. Azkuek Iñigo Gaztañazpi diseinatzailearekin hitz egin zuen, eta hura laguntzeko prest agertu zen. Olasagastik kontatu zien berak informazio guztia sarean zeukala, eguneratuta. Hori jakinda, Gaztañazpik argi ikusi zuen bidea: QR kodeetan eskaintzea informazioa.

Arraunetxen 773 bandera gordeta egoteko lan andana egin dute zaleek, bereziki Juanito Mirallesek eta Joxemari Olasagastik

Liburuxkan grafikoen eta datuen bidez kontatu dituzte 1901etik 2025era arte Orio Arraunketa Elkarteko gizon-emakumeek irabazitako banderak modalitate guztietan: traineruan, trainerilletan, bateletan, aulki mugikorrean eta arraunergometroan. Hitz gutxiko eta irudi eta zenbaki askoko lana da, baina zenbait banderari eman diote toki berezia ere: aurreneko Kontxako Banderari, iaz gizonezkoek lortutakoari, eta baita emakumeek lortutakoari ere. Emakumeen arraunari, gainera, lau orrialdeko tartea egin diote, eta atal horrexek du testu gehien, beren ibilbidearen hastapenak kontatzen dituelako.

Zerrenda oparoa

Liburuaren ia erdia 831 banderen zerrendak hartzen du. 22 orrialde dira, guztira. Ondoren, QR kode bidez jasotako argazki bildumak ageri dira. Modalitateka daude multzokatuta, eta modalitate bakoitzaren barruan, hainbat hamarkadatan daude banatuta. Olasagastiren lana izan da hori, hasi eta buka. 1986. urtetik, hiru hamarkada daramatza datuak jasotzen. Hori guztia sailkatzen eta sarera igotzen, berriz, hamabost-hogei bat urte. 2004an sortu zuten Interneten argazkiak ordenatzeko eta editatzeko Picasa izeneko programa, eta hori erabiltzen hasi zen oriotarra. "Estropada guztietara joaten nintzenez, argazkiak igotzen hasi nintzen", azaldu du. Arraun munduan bera izan zen lan hori egiten aitzindaria, eta gerora, beste herrietako zale askok jarraitu dute hark hasitako bidea.

Arraunetxeko erakusketa aretoa, garaikurrez eta kartelez beteta. (Arnaitz Rubio Aprea)

Astelehenero eguneratzen du edukia, eta 2026ko datuak ere jarrita ditu. Irabazitako estropada bakoitzaren fitxa igotzen duenez, uste du ia akatsik ez duela egiten. Klubeko memoria ere berak egiten du, eta han datu gehiago jasotzen du, ez soilik garaipenak; esaterako, aurten emakumeen traineruak Kontxako Banderan egindako postua jasota dauka, trainerua osatu duten arraunlarien izenekin batera. "Ziur gure datu basean egongo direla akatsak, baina %99 zuzenak direla ziurtatu dezaket", esan du, tinko. Haren aurretik, Azkuek egin zuen lan bera. Lekukoa hartu zuenean, akats txiki batzuk topatu zituen Olasagasik Azkueren datuetan, eta haiek zuzenduta daude. "Zuzenketa lan hori konstantea izan da. Oraindik ere agertzen da argazki zaharren bat, eta begiratzean, konturatzen gara izenen bat moldatu beharra dagoela. Garai batean ez zen hainbeste argazki izaten, eta Luis-eta herritarrei galdezka ibiltzen ziren informazioa osatu ahal izateko".

(Arnaitz Rubio Aprea)

Olasagastiren ustez, Kantabriako (Espainia) arraun federazioak dauka artxibo onena: "Dena daukate jasota. Edozein estropadetan, beti eskatzen dute inskripzio orri bat, eta traineru guztien alineazio guztiak, arraunlarien zerrenda guztiak, gordetzen dituzte". Horri lotuta, bere garaian Gipuzkoako arraun federazioaren artxiboa erre egin zela gogoratu dute, eta datu asko galdu zirela han.

Ikus eta uki daitekeen ondarea

1901eko bandera Arraunetxen dago, denen bistan. Garai zaharretan udaletxeetan egoten ziren bandera batzuk, eta beste batzuk, berriz, traineruetako patroien etxeetan. 1990eko hamarkada hasieran, Orioko arraun elkartekoek udal ordezkariekin hitz egin, eta erabaki zuten bandera guztiak orduko klubean gordetzea. Hala, herritarrei eskatu zieten banderak entregatzeko. Horretan Juanito Mirallesek egindako lana goraipatu du Olasagastik: "Bandera guzti-guztiei argazkia atera zien, etxez etxe joanda. Horregatik dakizkigu hasierako urteetako datuak, bandera bakoitzean jartzen duelako nongoa eta noizkoa den", azaldu du.

"Datuen %99 zuzena" izan arren, une oro aritzen dira informazioa gainbegiratzen

Elkartearen eraikin zaharra eraitsi eta Arraunetxe egin zutenean, hara lekualdatu zituzten trapuak. Bandera gehienak egoera onean jaso zituztela azaldu dute. Haiek sailkatzeko eginkizunean Olasagasti bera aritu zen, hainbat herritarren laguntzarekin. "Lan erraldoia ez, hurrengoa" egin behar izan zutela kontatu du. "Banderen zerrenda hartuta, bi astez zortzi bat lagun ibili ginen banderak urtez urte jartzen aulkietan". Behin hori eginda gero, haiek nola gorde, zer hurrenkeratan, hortxe koska. Gaur egun denak armairuetan gordeta dituzte eta "kontrolatuta daude", baina ez daude kronologikoki, ilaran. Izan ere, konturatu ziren ez zirela denak kabitzen. Banan-banan, bakoitza zerrendarekin alderatzen hiru hilabete edo igaro zituztela gogoratu du Olasagastik. Pilar San Sebastian emazteak eta biek jardun zuten azkeneko lan horretan.

Gaur egun, bandera esanguratsuenak ikusgai daude, baina atzean apal pila daude gordetako trapuekin. "XIX. mendekoak, zaharrenak, han jasota daude, ez daitezen hondatu. Txiki gelditu zaigu dena, bi armairu gutxienez behar ditugu. Azken urteetan gure arraunlariak bandera handienak irabazten ari dira, gainera, txalupetakoak; bateletakoak-eta txikiak izaten dira".

1901ean Kontxako Bandera irabazi zuen kuadrilla.

Erakusketa aretoa Olasagastiren haurtxoa dela esan daiteke. Berak egin du guztia, tapa-tapa: banderak bitrinetan jarri, nazioarteko arraun estropaden kartelak horman eskegi, era guztietako garaikurrak mahai gainean eta bitrinetan kokatu, eta hainbat argazki aukeratu, haiekin ere erakusketa osatzeko. Kontxako Banderak ere badira, sabaitik zintzilik: azkenekoa gimnasiora begira jartzen dute, "han entrenatzen ari diren arraunleriek hura ikus dezaten eta motiba daitezen", eta azken aurrekoa, berriz, erakusketa gelara begira dago paratuta.

Olasagastik gustura jarduten du zeregin horretan, baina nabarmendu du berak bere logikaren arabera antolatu duela guztia, hasi informazioa sarera igotzeko modutik eta erakusketa gela antolatzeko modura arte. "Esaten didate ondo ari naizela eta jarraitzeko horrela, baina beste batek agian zeharo aldrebes antolatuko zukeen guztia", iritzi dio.

Museoa aldarri

Arraunetxeko areto horretan duten materiala egoki antolatu eta erakusteko museo bat nahi lukete Olasagastik eta. "Jendeari gustatu egiten zaio nola daukagun jarrita dena, baina uste dut gaur egun beste zerbait behar duela banderen kontu honek. Digitalizatzea da aukera bat, ikus-entzunezkoren bat sortzea…", iritzi dio Olasagastik. "1990. urtetik hasita, alkate guztiekin hitz egin dut gai horri buruz, denek ikusten dute egin beharrekoa, baina inork ez du planteatzen ezer: ez dira gurekin biltzen, hitz egiteko eta aurrekontu bat zehazteko", kexatu da. Klubaren partetik, berriz, ez du halako zerbaiti eusteko gaitasunik ikusten, "eguneroko zurrunbiloan sartuta" ibiltzen direlako. Berak, ordea, argi du: "Hor jasota dagoen altxorra kontuan hartuta, niretzat zoragarria litzateke museo bat sortzea".

Bandera, garaikur, kartel eta argazki bildumak museo batean biltzea "zoragarria" litzateke

Haren arabera, gaur egun "herri askotan daude museo txikiak herri mailako gaiei lotuta", eta horregatik, "normala" ikusten du Orion arraunari lotutako museoa egotea. Gainera, ziur da gaiak interesa duela herritarrentzat ez ezik, Oriotik kanpokoentzat ere. "Urtean zehar kristoren jende pila pasatzen da Arraunetxeko aretotik", nabarmendu du. Liburuxka kaleratu berritan, esaterako, bisita gidatuak egin dituzte Arraunetxeko aretoan, liburuan agertzen diren banderak bertatik bertara erakutsi ahal izateko herritarrei. Eta gustura dira emaitzarekin: "Sei egunetan 200dik gora bisitari izan ditugu. Asko kanpotik etorri zaizkigu: Espainiatik, Madrildik eta Malagatik; Bizkaitik, Lekeitiotik, Santurtzitik eta Elorriotik; Nafarroatik, Elizondotik; eta ingurutik ere bai, Zarauztik, Aiatik, Asteasutik… toki askotatik etorri dira, baita Oriotik bertatik ere, noski". Urtean zehar ere Olasagastik askotan eskaintzen dizkie bisitak talde txikiei. "Aleka-aleka, agian beste 200 pasatuko dira urtean zehar hemendik", hausnartu du.

Arraunetxen badago tokirik museo batentzat, ala herrigunean behar luke museoak? Galdera ona dela uste du Olasagastik. "Normalean, erakusketara etortzen denak arraun instalazioak ere ikusi nahi izaten ditu, eta alde horretatik, bi gauzak lotzea ondo dago. Baina herrigunean areto bat jartzea ere badago; zoragarria litzateke. Eta ez da espazio handirik behar banderen lagin inportanteena erakusteko; ikus-entzunezko txiki bat eta argazki batzuk gehituta, nahikoa".

Sei egunetan 200dik gora lagunek bisitatu dute erakusketa aretoa

Iñigo Gaztañazpik diseinatu du liburuxka, eta lanaren amaieran bere hitzak jartzeko askatasuna hartu du. Luis Azkueri aitortu dio liburuxka egitearen ideia eduki izana, eta Joxemari Olasagastiri, berriz, urteetan zehar "lan nekaezina" egin izana datuak eta argazkiak biltzen, ordenatzen eta gordetzen. "Bere dedikazioari esker, Orioko arraunaren historiako pasarte ugari ez dira ahanzturan galdu, belaunaldi berrientzat gordeta geratu dira. Lan isila, etengabea eta, askotan, ikusezina izan bada ere, herri baten memoria eraikitzeko ezinbestekoa izan da", nabarmendu du.

Bejondeiela, hirurei ere, eta arraunzale amorratu berriak gertura daitezela Arraunetxera lan ikusezin hori egitera, bandera goseak etenik ez duelako herrian. 

125 urte zenbakitan

1901. Oriok urte hartan irabazi zuen bere historiako lehendabiziko bandera. Ez da edozein bandera, Kontxakoa baizik. Traineru hura Manuel Olaizola patroiaren gidaritzapean atera zen uretara, eta honako arraunlariek osatu zuten ontzia: Eulejio Olaizolak, Juanjoxe Urangak, Ramon Uranga Erretxua-k, Ramon Uranga Itxuba-k, Antonio Arruti Erresil-ek, Julian Intxauspek, Joxemari Atxagak, Ramon Solaberrieta Kasimiro-k, Lino Solaberrietak, Ramon Solaberrieta Begi zuri-k, Esteban Azkuek, Juanjoxe Oliden Ixurdia-k, Juan Arratolak eta Eustakio Solaberrietak.

2019. Urte horretan irabazi zuen Kontxako Bandera aurreneko aldiz Orioko emakumeen traineruak. Nadeth Agirreren gidaritzapean, honakoek egin zuten arraun bi igandeetako estropadetan edo haietako batean: Vicky Piñeirok, Oihane Iraolak, Leire Alcalak, Olatz Agirregabiriak, Nerea Badiolak, Leire Arriolak, Itziar Olasagastik, Itxaso Azkonobietak, Olatz Ortegak, Garazi Olidenek, Sandra Piñeirok, Leire Garatek, Maialen Aizpuruk, Izaro Etxanizek eta Amaia Galdosek.

37. Orio Arraunketa Elkarteak 36 Kontxako Bandera zituen iaz, aurrenekoa irabazi zuenetik 125 urte igaro zirenean. Joan den urtean bertan lortu zuten bandera gizonezkoek; 2017tik aurrenekoa. Emakumezkoek 2022an irabazi zuten azkenekoz. Aurten ere gizonezkoek irabazi dute trapu preziatua, eta beraz, klubak 37 Kontxako Bandera ditu jada.

17. Iaz, 831 banderaren jabe zen Orio Arraunketa Elkartea. Horietatik 407 bandera traineruan eskuratu zituen, 296 bateletan, 97 trainerilletan, 24 aulki mugikorrean eta 7 arraunergometroan. Aurten beste 42 irabazi ditu, horietatik 16 Eusko Label ligan: 16 bandera eta 17 garaipen izan direnez, marka berria ezarri dute mutilek.

6. Arraun klubak bost koroa zituen orain arte, gizonek 2019an eta iaz irabazi zutelako Eusko Label liga, eta emakumezkoek 2019an, 2020an eta 2022an, Euskotren liga. Aurten hirugarren koroa irabazi dute, ordea, gizonek, eta beraz, dagoeneko sei ditu poltsikoan Oriok.

Erlazionatuak

125 urte, lau irudi

Onintza Lete Arrieta aza 26, 08:00 Orio

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide