Festaren eta grebaren arteko orekan

Onintza Lete Arrieta

San Martin bailaran egun handia zuten atzo, San Martin eguna, eta ohi bezala, izen bereko ermitan meza ospatuz hasi zuten jaieguna. Ondoren hamaiketakoa egin zuten auzotarrek Ortzaikako tabernan, eta toka txapelketa eta bazkaria ere izan zituzten. Gaur iluntzean jarraituko du festak, auzotarren arteko kirol desafioarekin, eta gero, afari eta musika kontuekin. 

Zer diren kontuak. San Martin eguna greba orokor baten egun berean tokatu behar aurten, eta atzo bateren batek komeriak eta kontzientziako kargak ere izan zituen, borroka ala festa, zer egin erabakitzeko. "Mezetara lasai joan gara, gure gurasoekin beti joan izan garelako, baina hamaiketakora etorri ala ez, zalantzan ibili gara azken unera arte", azaldu zioten atzo Gukako kazetariari adinean aurrera doan emakume kuadrillatxo batek Ortzaikako tabernan mokadua hartzen ari zirela. 

Ohi bezala, jende asko elkartu zen bai San Martin ermitan meza entzuteko, bai jarraian Ortzaikako tabernan, hamaiketakoa egiteko gainerako auzotarrekin batera. 

Toka txapelketa eta bazkaria egin zituzten ondoren, eta atzoko festa eguna hala amaitu zuten San Martin bailarakoek. 

Gaur iluntzetik aurrera jarraituko du festak, eta egitarau oparoarekin, gainera. Honako ekintzak prestatu dituzte asteburu honetarako:

  • Gaur, ostirala.
    • 19:00. Auzotarren arteko herri kirol desafioa.
    • 21:00. Afaria, Attola eta Haritz trikitilariek girotuta.
    • 01:00. Davila DJa.
  • Bihar, larunbata.
    • 05:30. Baratxuri zopa.
    • 06:00. Oilasko biltzea.
    • 21:00. Afaria, 20 Minutu orkestrarekin. 
    • 00:30. Niko DJa.
  • Etzi, igandea.
    • 16:30. Jolasak, Txurrumuskiren eskutik.
    • Ondoren, txokolate jana.
    • 18:00. Erromeria, Jagoba eta Maddalenekin. 

Hurrengo asteburuko egitaraua, berriz, esteka honetan ikus daiteke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide