Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuko ondorio nagusiak azaldu zituen atzo 19:00etan Kultur Etxean Gari Goikoetxea kazetari eta euskara teknikariak. Iñaki Iurrebaso soziolinguistarekin elkarlanean idatzitako liburuan, euskararen egungo egoeraren azterketa egin dute, datuetan oinarrituta, eta hizkuntzaren etorkizunari begirako erronkak jarri dituzte mahai gainean. Horiez aritu zen atzokoan Goikoetxea. Bete egin zen aretoa, eta udalaren gonbidapenari erantzunez, herriko elkarte askotako ordezkariak ere bertan izan ziren –hedabide honetako kideak, tartean–.
Goikoetxeak Euskal Herriko egoera orokorra izan zuen hizpide, eta hainbat datu emanez, azaldu zuen ziklo aldaketa baten aurrean dagoela euskara: hizkuntza ordezkapena jasatetik, galdutakoa berreskuratzeko zikloan sartuta egon da XXI. mende hasierara arte, baina ordutik, geldotze egoeran dagoela, eta estrategia berriak abiatu ezean, atzerakadan sartuko dela nabarmendu zuen.
Zazpi aldagairen inguruan mintzatu zen egoeraren berri emateko eta hartu beharreko neurrien norabideez pistak emateko: gaitasuna, erabilera, atxikimendua, hizkuntza bilakaera, sozializazioa, aldaketa demografikoa eta lurralde nagusitasuna.
Euskararen aldeko neurriak tokian tokian hartu beharraz mintzatu zen, kanpotik etorriko diren biztanle berriak euskarara erakartzeko sortu beharko diren estrategiez, eta euskara bultzatzeko ideia berrien faltaz, eta horien beharraz. "Estrategia komun baterako oinarria badago, denok egiten dugu bat beharrezkoa dela zerbait egitea, orain inportanteena falta da: egin behar den hori zer den zehaztea. Zer egingo dugu egoera hobetzeko? Ideiak falta dira", esan zuen.
UEMAren proposamena herriko elkarteei
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Esnatu! dinamikaren barruan antolatu zuten atzoko hitzordua, eta Goikoetxearen hitzartzearen ondoren, Goizane Arana UEMAko kideak dinamika aurkeztu zien herriko eragileei, baita horiei konpromisoa eskatu ere nork bere taldean euskararen alde ekarpena egiteko.
Konpromisoak jasotzeko labur.eus/esnatueus ataria sortu du UEMAk. Eragileek azaroaren 17a baino lehen idatz ditzakete beren ekarpenak, eta ondoren konpromiso horiek publiko egingo dituzte. Abenduaren 3an izango da, Euskararen Egunean, Piztu eta esnatu lelopean aterako duten argazki jendetsuan.
Orioko Udalak bat egin du dinamikarekin, eta eragileei dei egin zien atzo euskararen aldeko konpromisoak har ditzaten. Iosu Lizarralde zinegotziak gogorarazi zuen Oriok arnasgune izateari utzi diola, eta beharrezkoa dela herri osoaren inplikazioa.