San Nikolas festak 2027

Gaur arratsaldean jarriko dituzte salgai sanikolasetako Gazte Eguneko bazkarirako txartelak

Julene Sorarrain

Herritar gazteak sagardoa edaten, iazko sanikolasetan. (Guka)

Aurten estreinakoz, Gazte Eguna ospatuko dute San Nikolas jaien barruan. Abenduaren 7an izango da festa hori, eta egitarauaren barruan, paella lehiaketa antolatu dute. Bazkarian parte hartzeko sarrerak gaur arratsaldetik aurrera izango dira eskuragai, Turismo Bulegoan.

Aurtengo San Nikolas jaiek berrikuntza nabarmena izango dute: lehen aldiz, Gazte Eguna ospatuko dute abenduaren 7an, astelehenarekin. Egun horretarako, kuadrillak eta lagun taldeak elkartzeko egitaraua prestatu du jai batzordeak, eta 16 urtetik gorakoentzako herri bazkaria izango da hitzordu nagusietako bat. Hain zuzen ere, paella lehiaketa egingo da, eta parte hartzaileek taldeka prestatu beharko dute bazkaria.

Bazkarian parte hartzeko sarrerak gaur, hilak 6, jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan, 17:00etatik aurrera, eta sarrera bakoitzak 6 euro balioko du. Orioko Udalak zehaztu duenez, izen ematea egiterakoan, parte hartzaile bakoitzaren izen-abizenak eta kamisetaren taila eman beharko dira, baita kuadrilla edo lagun talde bakoitzeko kontaktu pertsona baten datuak ere. Antolaketa errazteko, bost pertsonako gutxienez ordezkari batek joan beharko du Turismo Bulegora sarrerak erostera.

Egitarau biribila

Gazte Eguneko egitaraua 10:45ean hasiko da, Herriko Plazan, kamiseten banaketarekin. Ondoren, parte hartzaileek kalejira egingo dute herriko txarangarekin batera, Orioko kaleetan zehar. 12:00etan, kuadrillak Mendibeltz ondoko kirol gunean elkartuko dira, paellak prestatzen hasteko. Bertan egingo da, hain justu, herri bazkaria.

Udalak jakitera eman duenez, hainbat baliabide jarriko ditu parte hartzaileen eskura, hala nola sagardoa, karpa, kamisetak, arroza, mahaiak eta aulkiak. Gainerako materiala, ordea, kuadrilla bakoitzak eraman beharko du, hala nola kozinatzeko suak, sukaldeko tresnak, paellako osagarriak, platerak, sardexkak eta edalontziak.

Bazkalostean, parte hartzaileek mahaiak eta aulkiak jaso beharko dituzte, eta erabilitako sukaldeko tresnak garbitu. Horretarako, udalak harraska bat jarriko du bertan. Halaber, udalak nabarmendu du antolaketa egokia bermatzeko, "ezinbestekoa" izango dela parte hartzaile guztiek bazkalosteko garbiketa eta jasotze lanetan laguntzea. Hau bukatzean gainera, parte-hartzaileek jolasez gozatzeko aukera izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide