Berrikuntza nabarmena izango dute aurtengo sanikolasek: Gazte Eguna. Hori da, behintzat, Festa Batzordearen asmoa. Horretarako, bilera irekia egingo da asteazken honetan, hilak 28, 19:00etan, Kultur Etxean. Saioa 16 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago, eta Gazte Egunaren nondik norakoak elkarrekin lantzea izango du helburu.
Gazte Eguna abenduaren 7an izango da, eta herriko gazteen artean antolatu nahi da eguna. Antolaketan ahalik eta gazte gehienen ekarpenak jasotzeko, lagun talde bakoitzetik bi lagun bilerara bertaratzeko deia egin du Festa Batzordeak.
Udalak ere herriko gazteak animatu nahi ditu egitasmoan parte hartzera, "denen artean osatu nahi baita lehenengo sanikolasetako Gazte Eguna".