Orioko Udalak 'Gure Gaskuña' ontziaren egoerari "lehenbailehen" irtenbidea emateko eskatu dio Jaurlaritzari

Onintza Lete Arrieta

Hainbat langile, astelehenean, Gure Gaskuña arraste ontziaren ondoan. (Onintza Lete Arrieta)

"Herritarren segurtasuna eta Oria ibaiaren babesa lehenestea" ere eskatu du, eta jakinarazi du informazio eskaera formala erregistratu duela. Era berean, erakunde eskudunekin harremanetan eta egoeraren jarraipena egiten jarraituko duela iragarri du, "herritarrei informazio eguneratua helarazteko". 

Irailaren 24an Gure Gaskuña arraste ontziak su hartu zuen Orioko kanpo portuan, hau da, Txurrukako zabalgunean, eta ordutik erdi hondoratuta dago bertan. Ostiralean hasi ziren ontziak barruan dituen 17.000 litro gasolio ateratzen, eta gaur oharra kaleratu du Orioko Udalak, Eusko Jaurlaritzari eskatuz "lehenbailehen" irtenbidea emateko itsasontzia sortzen ari den egoerari, "herritarren segurtasuna eta Oria ibaiaren babesa lehenetsiz". Era berean, erakunde eskudunekin harremanetan eta egoeraren jarraipena egiten jarraituko duela iragarri du, "herritarrei informazio eguneratua helarazteko".

Udalak prentsa oharrean azaldu du sutea izan zenetik erakunde horrek egin duena. Gertakariaren biharamunean udal ordezkariak bertaratu zirela esan du egoera bertatik bertara ezagutzeko, eta orduan jakinarazi zietela "lau eguneko epea" zegoela jarduketa plan bat aurkezteko, eta "marea biziak aprobetxatzea aurreikusten" zela ontzia lehorreratzeko. 40 egun igaro dira ordutik, eta ontziak toki berean jarraitzen du, ordea. Denbora horretan, Orioko Udalak "hainbat aldiz eskatu du egoeraren inguruko informazioa, telefonoz zein idatziz", aurreikusitako jarduketen eta epeen berri izateko. "Jaurlaritzak egoeraren inguruko informazioa eskatu diogun aldioro egoera kontrolpean dagoela erantzun digu", jarraitu du.

Informazio eskaera formala erregistratuta

Azken egunotan "kezka areagotu" egin dela kontatu du udalak, "erregaiaren presentziarekin lotuta egon daitezkeen orbanak eta usainak antzeman direlako". Abisu horiek tarteko, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere bertaratu direla jakinarazi du udalak. Hain justu, Euskadiko Angulero Elkarteak aste hasieran salatu du itsasontzia errioa kutsatzen ari dela. 

"Egoerak bere horretan jarraitzen duela eta herritarren kezka handitu dela ikusita", eta orain arteko "jarraipen informalaren" ondoren, ontziaren egoeraren kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Portu Sailaren eskumenekoa dela kontuan hartuta, udalak "informazio eskaera formal bat erregistratu" du aste hasieran, zehazki, astelehenean. Bertan, ontziaren egungo egoerari, orain arte egindako azterketei eta jarduketei, izan daitezkeen ingurumen arriskuei, hartutako prebentzio neurriei eta ontzia lehorreratzeko edo lekualdatzeko aurreikusitako epeei buruzko informazio zehatza eskatu du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide