Gorka Prieto: "Jendeak ez du jaten bizikleta gainean, eta akatsa da hori"

Onintza Lete Arrieta

Gorka Prieto, ostiralean, Arraunetxen. (Onintza Lete Arrieta)

UAE Team Emirates taldeko nutrizio arduraduna eta Tadeg Pogačarren nutrizionista da Prieto (Bera, Nafarroa, 1990), eta ostiralean Arraunetxen izan zen, Pedalkadak Elikatzen jardunaldiaren barruko hitzaldietako bat eskaintzen. 

Txirrindularitzaz eta elikaduraz aritu zara hitzaldian.

Karbohidratoez aritu naiz, bizikletan ibiltzen den jende normalak, ez profesionalak, ikus dezan nola lantzen den gai hau talde profesional batean, eta ikusteko guk talde barruan nola antolatzen ditugun otordu guztiak. Helburu nagusia hori izan da. Gure estrategien zergatia ere azaldu dut.

Txirrindulari bakoitzak une bakoitzean behar duenaren araberakoa izaten da zuen estrategia, ezta?

Oso pertsonalizatua da. APP bat daukagu taldean, erregistratzeko zenbat kaloria, karbohidrato, proteina eta grasa jaten duten, eta adibide zehatzak eman ditut, entrenamendu motaren arabera jaten dutenaz gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko, baita entrenamenduan bertan ere. Zenbat eta zer motatako karbohidratoak diren ere kontatu dut. Hizlari asko ginenez, hitzaldia oso motza izan da, eta labur azaldu ditut gauzak.

Denen galdera izaten da ea zer jaten duen Tadeg Pogacar zuen taldeko izarrak...

Beti egiten dizkidate galdera berdinak, bai. Baina hark besteek bezala jaten du. Genetika pribilegiatua daukan txirrindularia da, baina gainerakoan, mutil hagitz normala da. Besteen menu bera jaten du, bere pisuaren eta egunaren arabera zehaztuta.

Eder Etxeberriak jardunaldi hauen harira egindako elkarrizketan esan zuen txirrindulariari laguntzea dela zuen lana, "ezer kakaztu gabe".

Hori da. Horregatik egiten ditugu beti odol azterketak, kirolaria osasuntsu dagoela ikusteko, eta estrategia nutrizional batzuk erabiltzen dira zehaztuz zer gel hartu behar dituen, zer motatakoak, zenbat glukosa eta zenbat fruktosa, zer kantitatetan... Horren guztiaren arabera moldatzen da nutrizioa eta suplementazioa.

Euskal Herriko errepideetan txirrindulari afizionatu asko ikusten da. Horientzat gomendiorik? Ala ezin da orokortu?

Desberdina da neska ala mutila izan, gaztea izan ala adin gehiagokoa, baita bakoitzak duen helburuaren arabera ere. Baina esango nieke entrenamenduaren araberako karbohidratoak hartu behar dituztela bizikleta gainean doazenean. Neu orain gutxi ibiltzen naiz bizikletan, baina ikusten dudana da jendeak ez duela jaten bizikleta gainean.

Akatsa da hori?

Bai. Entrenamenduaren arabera jateko esango nieke, eta helburuen arabera, nutrizio pertsonalizatua eramateko. Ezin dut gehiago zehaztu, oso pertsonala delako: ez da gauza bera goizez ala arratsaldez entrenatu, lana ordenagailu aurrean ala obran egin... horrek denak aldatu egingo ditu nutrizio pautak.

Txirrindularitza profesionalak ibilbide luzea du. Zeuk, 36 urte edukita, ez hainbestekoa, baina zuen arloa asko aldatu da. Zeuk nabaritu duzu aldaketarik?

Hamar urte daramatzat mundu honetan, eta hasi nintzenean low carb deritzona egiten zen, alegia, entrenamenduaren aurretik proteinak bakarrik jaten zituzten gosaltzeko, eta bizikleta gainean ez zuten deus jaten. 40-50 urte dituzten txirrindulariekin hitz egiten duzunean, esaten dizute lehen pisuari bakarrik begiratzen zitzaiola: ahalik gutxien jaten zuten ahalik argalen egoteko eta pisu potentzia ahalik altuena izateko. Baina orain ikusi dugu hori akatsa zela.

Astakeria handiak ikusi dituzue...

Ez zuten jaten, eta odol analisietan ikusten zen lehertuta zeudela. Azken batean, energia defizit handia zeukaten, ahalik argalen egotearren. Gaur egun, talde guztiok ditugu ordenagailu bereziak, non ikusten dugun bizikletan txirrindulari bakoitzak zenbat potentzia erabiltzen duen. Horren arabera kalkulatzen dugu zenbat kilojulio (kJ) erabili dituen bizikletan, eta kalkulua egiten dugu jakiteko zenbat jan behar duten etapa ondoren. Beraz, goizean aholku batzuk ematen ditugu eta, gero, etapa ondorengo datuen arabera, ajusteak egiten ditugu.

Medikuekin, fisioarekin, beste nutrizionistekin, biomekanikakoekin... Azken arlo hori asko aldatu da, bizikletaren materiala: puntu oso garrantzitsua da hori txirrindularitzan.

Munduko talde oneneko lantaldearen parte zara. Kontziente zara horretaz?

20 urte nituenean ez nuen pentsatzen inoiz halako talde batean egongo nintzenik. Zortea izan dut, ni talde honetan egon eta munduko txirrindulari onena ere bertan dagoelako. Oso kontent nago bertan lan egiteagatik eta daukagun lantalde osoarekin. Urte erdia elkarrekin igarotzen dugu, eta nire familia bezala dira. Giro hagitz ona dugu taldean.

Errietarik egin behar izaten diezu?

Ez, %90ak pauta guztiak jarraitzen dituzte, badakitelako zeinen garrantzitsua den. Bizpahiru aste barru amaituko da denboraldia, eta oporretan ez dut hitz egingo beraiekin. Azaro erdian bueltatuko gara, 2027a prestatzeko. 

Erlazionatuak

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide