Ikusmina eragin du Pedalkadak Elikatzen jardunaldiak

Onintza Lete Arrieta

Ostiral arratsaldean goraino bete zen Arraunetxeko aretoa, Eder Etxeberriak antolatutako hitzaldi sorta bertatik bertara jarraitzeko.Virginia Santesteban Lidl-Trek taldeko nutrizionista eta Realeko nutrizionista ohiak eta Gorka Prieto Pogačarren nutrizionistak eskaini zituzten hitzaldietako bi, eta Tourreko bi sukaldari ere bertan izan ziren, jaki batzuk prestatzen. 

Munduko txirrindularitza profesionalaren elitean lan egiten duten adituak elkartu zituen ostiralean Arraunetxen Eder Etxeberria kirol medikuak, Aldapa zikloturista elkartearekin elkarlanean. Ikusmin handia eragin zuen hitzorduak, bete egin baitzen aretoa. Gai zehatza izan zuten hizpide: txirrindularien nutrizioa. Pedalkadak Elikatzen jarri zioten izena jardunaldiari, eta hitzaldi motzak eskaini zituzten partaideek: Etxeberriak berak aurrena, Virginia Santesteban Lidl-Trek taldeko nutrizionista eta Realeko nutrizionista ohiak gero, haren jarraian Gorka Prieto UAE Team Emirates taldeko nutrizio arduradun eta Pogačarren nutrizionistak, eta azkenik, Amaia Martí EF Education-EasyPost taldeko nutrizionista eta Andorrako Dietista-Nutrizionisten Elkargoko presidenteak. 

Bukaeran, Movistar Team eta Lidl-Trek taldeetako sukaldarien showcookinga izan zen, Jon Carazo eta Julen Lizartzaren eskutik. Mahai batean ikusgai jarri zuten, gainera, txirrindulari profesionalek zer gosaldu ohi duten lasterketa baten aurretik. Denetarik aurki zitekeen han. 

Hitzaldiak hasi aurretik, Ane Cano Orioko Udaleko kirol teknikariak hartu zuen hitza, nabarmentzeko "pozgarria" zela aretoan hainbeste gazte ikustea, baita gisa horretako saioen garrantzia balioan jartzeko ere. Asier Lizarralde Aldapa elkarteko kideak, berriz, eskerrak eman zizkion Etxeberriari halako ekitaldi bat antolatzearren –sarrerekin jasotako dirua Aldaparentzat izango da–, eta azpimarratu zuen gaiaren inguruan ezjakintasun handia dagoela, eta ikasteko asmotan joan zela jendea. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide