Ostegunean barran erre zen arraste-ontziaren inguruko babes neurriak indartu egingo dituztela jakinarazi du Orioko Udalak. Udalak ez du auzian eskumen zuzenik, baina badagokio herritarrak informatuta izatea, eta horregatik, jakinarazi du egoeraren inguruan eskumena duten erakundeetatik jasotzen dituen berriak herritarrei helaraziko dizkiela.
Atzo udalak adierazi zuen beharrezko babes neurriak hartu zituztela ingurunean isurketarik gerta ez zedin, eta ziurtatu zuen egoera "kontrolpean" zutela eta datozen egunetan prebentzio eta babes neurriak mantendu egingo zituztela, "ingurunea zaintzeko eta balizko isurketak saihesteko". Orain, baina, jakinarazi du babes neurriak indartu egingo dituztela, "prebentzio gisa".
Udalak zehaztu duenez, atzo, "egoerak eskatzen zuen presagatik", lehen prebentzio neurriak jarri zituztela martxan. "Gaur, material egokiagoa iritsi ondoren, babes sendoagoak jarriko dira". Horretarako, baliteke orain arte zeuden dauden babes elementu batzuk kentzea eta berriak jartzea. Erakundearen esanetan, "aldaketa hori ez da egoerak okerrera egin duelako, baizik eta beharrezko materiala bertara iristeko denbora behar izan delako".
Egoera zorrotz kontrolatuta izango dutela ziurtatu du udalak, eta "edozein gorabehera gertatuz gero beharrezko neurriak berehala hartzeko baliabideak prest" dituztela. Astelehenean beharrezko lanak egiteko prestaketak egiten ari direla ere gaineratu du.