Orioko udalbatzarrak

Orioko Udalak zergak eta tasak %2,5 igoko ditu urtarrilaren 1etik aurrera

Aitziber Arzallus

Batez besteko igoera %2,5ekoa izango den arren, kasu batzuetan ez da horrenbestekoa izango, eta beste batzuetan dezente handiagoa. Tasa turistikoa ezartzea ere onartu du udalbatzarrak, kasu guztietan aldundiak aukeran emandako gehienezko tarifa ezarrita. Aurreikuspenen arabera, udalak 180.000 euro jasoko lituzke tasa horretatik, turismoak eragiten zien arloetan eta zerbitzuetan inbertitzeko.  

Orioko Udalak datorren urtean zergak eta tasak %2,5 igotzea onartu zuen atzoko udalbatzarrean. Hori izango da igoera orokorra, baina badira salbuespenak. Besteak beste, etxebizitza hutsa izategatik ezartzen den errekargua %100etik %150era igotzea adostu zuten, hilerriagatik ordaintzen den tasa lehengoan mantentzea, animalia arriskutsuak izateagatik ordaindu beharreko tasa 161 eurotik 170 eurora igotzea, aparkaleku bonuaren prezioa 80 eurotik 90 eurora igotzea, isunak ezeztatzeagatik ordaindu beharrekoa 30 eurotik 40 eurora igotzea eta udal kiroldegiko aparkalekuaren erabileragatik ordaindu beharreko tarifa %5eko igotzea. Kultur etxea, Katea eraikina eta Salatxo aretoa, berriz, egun erdirako alokatzeko aukera ere izango da aurrerantzean, tarifak egokituta.

Udal Gobernuaren proposamena aho batez babestu ostean, Noemi Ostolaza EAJko kideak hartu zuen hitza beren aldeko botoa arrazoitzeko. Zergen eta tasen %2,5eko igoera zentzuzkotzat jo zuen, udalak diru sarrerak bermatu behar dituelako, baina beti ere herriko familien egoera zein den kontuan izanda. Ildo beretik mintzatu zen Inaxio Alguacil EH Bilduko kidea ere. Azaldu zuen KPIaren igoera izaten dela igoerak erabakitzeko oinarria, eta KPIa %3,3 eta %3,6 artean igoko dela aurreikusten den arren, horren azpitik gelditzea erabaki dutela. Gainera, nabarmendu zuen, zenbait kasutan %2,5era ere ez dela iristen igoera, eta kontrara, egoki iruditu zaien beste zenbait kasutan hortik gorako igoera erabaki dutela: "Esate baterako, terrazen eta kaleko salmenta postuen kasuan –ostegunetako azokako postuetan izan ezik–, aparkalekuetan ere bai –epe laburreko eremuetan izan ezik–, animalia arriskutsuen jabetzagatik ordaindu beharrekoaren kasuan, kanpineko hainbat zerbitzuren tarifetan, txu-txu treneko tarifetan, etxebizitza hutsen gaineko errekarguan eta abar".

Batzarreko bigarren puntuan, Orioko egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala ere ontzat jo zuen udalbatzak, aho batez. Bozketaren ostean Alguacilek hartu zuen hitza azaltzeko tasa turistikoa hiru foru aldundien artean hitzartutako zerbait izan dela, eta foru arau bat dela zehaztapen guztiak jasotzen dituena. Haren esanetan foru arauak ostatu mota bakoitzaren kasuan gutxieneko eta gehienezko tarifa batzuk ezartzen ditu, eta Oriok, kasu bakoitzean, gehienezko tarifa aplikatzea erabaki du. Tasa berri horrek udalaren diru sarreretan 180.000 euro inguruko inpaktu zuzena izatea aurreikusi dutela ere azaldu zuen, eta diru hori turismoak zuzenki eragiten dien zerbitzuetara eta arloetara bideratu beharko dutela, jasangarritasuna bermatzeko. 

Ostolazak ere begi onez jo zuen tasa berriaren aplikazioa, baina ñabardura gisa gehitu zuen ez zaiola iruditzen sektorearekin behar zen lanketarik egin denik, eta proposatu zuen hilabete batzuk barru ordenantza berrikustea, sektoreak egiten dituen ekarpenak kontuan izatea, eta ordenantza moldatu behar bada, moldatzea. Anuska Esnal alkateak erantzun zion udala banan-banan egin dituela bilerak sektoreko establezimendu guztiekin erabakiaren zergatiak eta izango dituen onurak azaltzeko, eta zehaztu zuen oraindik inork ez dakiela tasa berriaren gauzatzea nola egikarituko den. 

Horiez gain, 2027 urteko egutegi fiskala eta Taxiaren Gipuzkoako Elkarteak 2027ko auto taxien hiri barruko tarifei buruz helarazitako proposamena ere aho batez onartu zituzten atzoko udalbatzarrean, baita Orioko Udaleko Alkatetzari ahalmen zabala ematea ere Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Dike-Kofradia eremu etena egikaritzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide