Territorio remero. Un pequeño pueblo, una gran historia liburuaren aurkezpena izan zen atzo 19:00etan Kultur Etxean, eta Ibon Gaztañazpi kazetaria ordua iristearekin bat hasi zen Iñaki Iturainen liburuaz sarreratxoa egin eta hari aurreneko galderak egiten.
Entzuleen artean arraun munduko herritarrak ziren nagusi, eta adi-adi jarraitu zituzten Gaztañazpiren galderak eta Iturainen erantzunak –Iturainek ere tarteka egin zion galderaren bat Gaztañazpiri berari–. Aldian-aldian, entzuleek ere solasaldian parte hartu zuten, datu gehigarriak eskaintzeko. Izan ere, xehetasunez betetako hitzaldi bizi-bizia eskaini zuen Iturainek. Orioko traineruek izan dituzten patroiez aritu ziren, 1983ko eta 2001eko Kontxako estropadez, Ortzaikak eman dituen arraunlari eta patroi on guztiez, Kortaren garaiaz, herrian argitaratu diren arraun giroko beste hainbat libururi buruz, Gora Mitxelena abestiaren jatorriaz, aguilucho goitizenaren istorioaz, etab. luze batez.
Orion arrauna beste inon ez bezala bizitzearen arrazoiez ere aritu ziren, arraun kultura eta transmisioa aipatu zituzten, eta Iturainek erronka ere bota zien gazteei, tesi interesgarri bat dagoelakoan gai horren inguruan.
Herritar baten galderari erantzunez, Iturainek jakinarazi zuen liburua inoren babes ekonomikorik gabe argitaratu duela, eta beraz, kostuei aurre egiteko liburua erostera animatu zituen herritarrak –Iturain estankoan eta Ontza paper dendan salgai–. Gaur 19:00etan liburua Aiako Kultur Etxean aurkeztuko duela ere gogorarazi zuen.
Solasaldian momentu politak eta pertsonalak ere egon ziren. Esaterako, Iturainek denen aurrean abestu zuen Orioko Txarangak alironetan jo eta kantatzen duen Gora Mitxelena, eta azkenerako, entzule guztiak jarri zituen kantuan. Horrez gain, Gaztañazpik azken galdera bota zion Ituraini, ea arraunean zer momentuk hunkitu duen gehien, eta horrek 2017ko Kontxa aipatu zuen, oriotarrek galdutzat baitzuten bandera aurreneko jardunaldian, baina bigarrenean, itsaso txarrarekin Gorka Aranberrik "olatu amaigabe bat" hartu eta Bermeori bandera irabazteak zirrara handia eragin ziola aitortu zuen.