Iñaki Iturain idazle oriotarrak duela 25 urte argitaratu zuen Orioko patroiak, herri txiki baten historia handia liburua, eta orain, hura oinarri hartuta, gaztelaniaz plazaratu du Territorio remero: un pequeño pueblo, una gran historia lana. Atzo Donostiako Aquariumen aurkeztu zuen, Kontxako Banderaren harira antolatzen duten egitarauaren barruan, eta asteartean, herrian emango du haren berri, 19:00etan, Kultur Etxean; eta asteazkenean, ordu berean, Aian izango da aurkezpena.
Hitzaurreak Benito Lertxundik eta Jon Sarasuak idatzi dituzte. Kontrajarriak dira, ala?
Niretzat, osagarriak dira. Benitok sarrera poetiko oso polita egin dio, berezia. Sarasuaren testua duela 25 urteko liburuan atera zena da, eta hori erdaratu egin dut, gainerako testuak bezala. Sarasuak dio, eta neurri handi batean bat nator berarekin, kirolak toki handiegia hartzen duela gure gizartean, eta batzuk itsutu egiten direla. Neurri egoki bat ematen dio kirolaren fenomenoari.
Hainbat eratako liburuak dituzu argitaratuak, baina gaztelaniaz, hauxe lehena.
Bai. Duela 25 urte euskarazko liburua Orion aurkeztu nuenean, saioa amaitu orduko etorri zitzaidan Gorka Reizabal zena; kazetari handia zen. Esan zidan liburua gaztelaniaz atera behar nuela. Eta 25 urte geroago, hura gogoan, atera dut. Gabonetan erabaki nuen ezin nintzela hil lan hau publikatu gabe. Ederki kostatuta, baina lortu dut.
Ez da itzulpen hutsa; beste liburu bat da.
Bai. Duela 25 urteko liburuko testuak erdaratu egin ditut, baina era berean, eguneratu eta egokitu ere bai; baita beste testu asko erantsi ere. Izan ere, liburu bat argitaratzen duzunean, hari lotutako albisteak, dokumentuak eta iritziak etortzen hasten zaizkizu, eta horietako batzuk, behintzat, txertatu egin nahi izan ditut, ekarpen handia direlakoan. Bistan da, berrikuntza nagusia dela 2001etik honako historia ere jaso dudala. Hor, nabarmen, berrikuntza azpimarragarriena da emakumeen arrauna. Lehenago hasiak ziren emakumeak arraunean, ontzi txikietan eta, baina bete-betean, modu serioan eta traineruan, Kontxako Bandera jokatzen eta, XXI. mendean hasi dira. Horri, nola ez, tokia egin zaio liburuan, eta agertzen dira patroi berriak ere; tartean, Nadeth Agirre.
Aurreko liburuan bezala, hemen ere patroiak izan dira kontakizunaren haria.
Uste dut modu egokia dela, bi arrazoirengatik: batetik, giza ukitua ematen zaiolako liburuari, patroi bakoitzaren biografia kontatuta; eta, bestetik, patroiek markatu zutelako bakoitzak aro bat historian. Patroi garrantzitsuenek, behintzat, bolada luze samarra egin zuten. Gainera, patroia da aurrera begira doan bakarra, arraun luzea daramana eta aginduak ematen dituena.
Historia horren zati bat datuetan dago, eta beste bat, herritarren memorian.
Herritarrek pasarte izugarri mamitsuak eskaini dizkidate –ahal dela dokumentuekin alderatu behar direnak–, nolabait ere adierazten dutenak herri honek nolako inplikazioa izan duen fenomeno horretan, eta inplikazio horren ondorioz, nola idatzi duen idatzi duen historia ikaragarri hori, ez sinestekoa baita inguruko beste herriekin konparazioan. Liburuan bada galdera bat, zeinek eman dion zeini gehiago, Oriok arraunari ala arraunak Oriori. Galdera erantzun gabe gelditzen da, olatuen gainean, baina argi dago biek eman diotela ikaragarri elkarri.
Zer egin zaizu zailena?
Oriotarra naiz, eta arraunean orio zalea naiz, baina itsutu gabe. Arraunean gatazka asko sortu izan dira itsukeria horren ondorioz, eta gehien kostatu zaidana izan da gaiaren bueltako fenomenoen aurrean neurri egokia hartzea. Ez da erraza dakizkizun gauzak kontatu gabe uztea, eta arrisku hori badago beldurragatik. Uste dut ez dudala egin, baina bestelako zentsura sumatu dut arrauna kudeatzen duten tokietan, eta nik, ez badago pertsona zehatzen kontrako arriskurik, baizik eta taldeko aferak, nik horiek sartu egin ditut, eta gatazka batzuk ageri dira.
Eta zerekin gozatu duzu gehien?
Idaztea gustatzen zait, historia ere bai, eta iragana ikertzea, batez ere jendeari galderak eginez eta haiekin egonez. Beraz, prozesu hori bera, bidea, egin zait interesgarria eta betegarria. Liburuan, esaterako, badaude gauza hunkigarriak. Maria Frantziska Xordo zenaren istorioa, esaterako. Bera, noski, sekula ez zen sartuko traineru batean, baina hark arraunlari guztientzat ogitartekoak egiten zituen, eta fruta eta auskalo zenbat gauza gehiago hartuta, arraunlariekin batera joaten zen hara eta hona. Arraunlariak arraunean ziren bitartean, bera eskapularioarekin egoten omen zen Jaungoikoari laguntza eskatzen. Hori da herritar zale sutsu baten adibide egokia, eta horrelako beste asko daude, osatu dutenak Orioko arraunaren fenomenoa. Esaterako, bazen bat estropada egunean gutun oso hunkigarria idazten zuena, eta horietako bat sartu dut liburuan. Niri kontu horiek interesatzen zaizkit, datu hutsak eta hotzak baino gehiago. Datuak hor daude, eta beharrezkoak dira. Esaterako, orain [arraun klubak] egin duten argitalpenak izugarrizko ekarpena egiten du horretan, historiako datuak ematen. Nirea horren osagarria da: datuak hor daude, baina datuekin batera mila istorio interesgarri daude, laguntzen dutenak arraunaren fenomenoa ezagutzen eta bizitzen.
Liburua salgai dago jada herrian, Iturain estankoan eta Ontza paper dendan. Jasoko zenituen herritarren aurreneko iritziak...
Osaba Juanitok, esaterako, 90 urtetik gora ditu, arraunean ibili zen bere garaian, eta arraun zale amorratua da. Liburua oparitu eta hurrengo egunean kalean topatu, eta esan zidan bizpahiru ordu pasatu zituela irakurtzen etenik gabe, gustura, eta ondo ulertzen zuela. Eta sekula ez zuela horrenbeste denbora pasatu liburu bat irakurtzen. Niretzat sekulako poza izan zen. Oparia berak egin zidan hori esan zidanean. Uste dut jendeak ondo hartuko duela, erraz irakurriko duela.