Urtarrilean hasi ziren herritar batzuk ostegunero 12:00etan Orioko anbulatorioaren aurrean biltzen, protesta egin eta Osakidetzari hiru eskakizun zehatz egiteko: herriko anbulatorioan mediku eta erizain gehiago edukitzea, anbulatorioa berritzea eta itxaron zerrendak –batez ere espezialistengana joateko– murriztea.
Udan etenaldia egin ondoren, bihar ekingo diote berriz elkarretaratzeei. Beti bezala, 12:00etan elkartuko dira, anbulatorioaren aurrean, eta herritarrak animatu dituzte bertan parte hartzera, antolatzaileen ustez "borrokatu" egin behar delako "gizarteak osasun zerbitzu publiko duina jasotzen segi dezan".