"Amore eman eta arlo pribatura jo dezagun nahi dute"

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 1a

Joxe Mari Lertxundi, Agurtzane Zabala eta Fatima Uranga, atzean Orioko anbulatorioa dutela. (Onintza Lete Arrieta)

Urtarrilaren erdialdetik ostegunero elkartzen ari da herritar talde bat Orioko anbulatorioaren aurrean, osasun zerbitzu publiko hobea eskatzeko.

Urtarrilaren 15etik, ostegunero, herritar mordoxka elkartzen da eguerdian anbulatorioaren aurrean. Adinekoak dira gehienak, baina ez dute topo egiten medikuaren edo erizainaren kontsultaren ondoren; propio elkartzen dira Osakidetzari zerbitzu hobea eskatzeko. Fatima Urangak deitu zuen aurreneko elkarretaratzea, aurreko hilabeteetan osasun sistema publikoarekin bizipen pertsonal txarra izan ondoren, baina ez dago bakarrik: Agurtzane Zabala eta Joxe Mari Lertxundi senar-emazteek ere konbentzimenduz diote garrantzitsua dela kalera atera eta protesta egitea. Urangak azaldu du aurrena kexa eta eskaerekin idatzi bat sinatu eta anbulatoriora eramatea pentsatu zuela –Zabalak Donostian entregatu izan ditu paziente eta erabiltzaileen arreta zerbitzuan–, baina gero, pentsatu zuen ekintza eraginkorrena kalera ateratzea izan zitekeela protesta egitera, eskaerak herritarren eta komunikabideen artean zabaltzeko eta oihartzuna izateko. Eta horrela hasi zituzten elkarretaratzeak.

Hiru eskaera

Hiru eskakizun zehatz egiteko hasi ziren biltzen: herriko anbulatorioan mediku eta erizain gehiago edukitzea, anbulatorioa berritzea eta itxaron zerrendak –batez ere espezialistengana joateko– murriztea. Urangak urte berriarekin batera edukitako ziatikarekin hasi zen guztia: "Minez, ibili ezinik, medikutara bueltaka hasi nintzen. Bizpahiru egunetik behin anbulatoriora joan beharra izaten nuen. Goizetan jende pixka bat aurkitzen nuen, baina eguerdietan, indizioa jartzerakoan, egundoko jendetza egoten zen. Egun batean gerta daiteke, baina handik hiru egunetara, berriz egoera berarekin topo egin nuen", kontatu du.

Zabalak ere esperientzia txarra izan zuen iaz Osakidetzarekin, 2024an egin behar zioten proba bat urte eta erdi geroago egin ziotelako, 2025aren amaieran, hainbat erreklamazio jarri ondoren. "Orain urte batzuk kolonoskopia bat egin zidaten, eta baheketan positibo eman nuen. Berriro egin, eta esan zidaten hiru urtera berriz egin behar nuela. Familia medikuak abisatu zidan urtearen aurrenean joateko, denbora askoan itxaron behar izaten zelako gero. Hiru erreklamazio jarri behar izan nituen Donostia ospitalean, eta familia medikua ere saiatu zen laguntzen, baina alferrik". Gainera, aurrena ospitalean esan zioten ez zela kolonoskopia egiteko zerrendan agertzen, baina familia medikuak esaten zion baietz, han zegoela. "Eta bitartean, kezkatuta nengoen ni, kolonoskopiak zer emaitza emango zuen jakin gabe", gogoratu du. "Atzera-aurrera horretan, une batean zer, eta esan ez zidaten ba agirietan agertzen zela nik uko egin niola kolonoskopia egiteari. Berriz jo nuen pazienteen eta erabiltzaileen zerbitzura, eta ez dakit han artatu ninduenak zer egin zuen, 24 ordu baino lehen egin zidaten proba". Hori bai, Poliklinikara bideratu zuen Osakidetzak. "Egun hartan tokatu ginen guztiok Osakidetzatik bidalita geunden", gogoratu du.

"Nik artrosia, artritis, perikarditis... -isis eta -osis guztiak ditut, eta espezialistengana bideratzeko familia medikuak gaizki ibiltzen direla ikusten dut. Aurrena pastilla pila bat errezetatzen dizkizute arazoa horrekin konpontzen saiatzeko, eta azkenean esaten dizute egoerak ez duela hobera egin eta espezialistarengana bideratzen zaituzte", kontatu du Zabalak. "Azkenekoan ere hilabete askoz itxaron behar izan nuen. Bajan egin nituen zazpi hilabete, eta bajan nengoela hartu nuen erretiroa".

Espezialistak alde batera utzita eta Orioko anbulatoriora begira jarrita, nabarmendu dute mediku eta erizain gehiago behar direla. Lertxundik laburbildu du arrazoia: "Orion duela 8-10 urte baino askoz jende gehiago bizi gara, baina mediku kopuru bera dugu. Ez da posible". Gaur egun hiru mediku daude, baina hiru bizilagunek argi dute lau tokatzen direla biztanle kopuruagatik –2025eko urtarrilaren 1ean 6.197 biztanle zituen Oriok, Eustaten arabera–. Hirurek uste dute anbulatorioko zerbitzua dela oinarrizkoa, "familia medikuak hartzen duelako herritarraren osasunaren jarraipena egiteko ardura eta hark bideratzen duelako beste zerbitzuetara". Eta horiek gainezka daudela uste dute. "Batzuetan ez dago pazienterik kontsultan, baina telefonoz izaten dituzte hitzordu asko, eta bestelako administrazio lanak ere egin behar izaten dituzte. Beraiek estaltzen dute espezialista gabezia ere".

Publikoaren alde

"Osakidetza gaizki doa, bai Orion, bai orokorrean; dena pribatizatzen ari dira", dio Zabalak, eta argi du kontra egin behar zaiola horri: "Kolonoskopia egiteko zain egon nintzenean, familiakoek esaten zidaten arlo pribatura joateko, baina ez, ez nuen nahi, hori baita agintariek nahi dutena, guk amore ematea eta arlo pribatura jotzea. Horrez gain, buruan okerreko ideia dugu sartuta, uste dugulako Osakidetza doakoa dela, baina ez da hala, oso garestia da, hilero-hilero, denoi soldatatik kentzen digute sistema publikoa mantentzeko. Ez gara ohartzen gure eskubidea dela eta guk ordaintzen dugula". Uste du "borrokatu" egin behar dela "gizarteak osasun zerbitzu publiko duina jasotzen segi dezan".

Elkarretaratzeekin noiz arte jarraituko duten? "Guk erantzunak jaso arte jarraituko dugu. Geuretzako da mesede egiten ari garen hau", azpimarratu dute hirurek. "Orion bizi garen biztanle kopurua ikusita, herritar gehixeago bildu behar ginateke elkarretaratzeetan", iritzi diote. Deiak eragina izaten duen hurrengo bilkuretan ikusiko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide