Kalitate handiko kontzertua eskaini zuten atzo gauean Orion Ruper Ordorikak eta haren taldeak. Azken diskoko kantuak aurkeztera etorri zen oñatiarra, eta entzule andana elkartu zen Herriko Plazan, asko eserita eta beste horrenbeste zutik.
22:00etan hasi zen emanaldia, gau giro ederra zegoen, eta entzuleek gozatua hartu zuten, musikariek barealdi fin dotorea barreiatu baitzuten beren doinuekin; ur gainean, kalman, eguzki epeletan lasai ederrean etzanda flotatzen egotea bezala izan zen une batzuetan.
Lurra ikutu barik azken diskoko hainbat abesti jo zituzten, baina baita betikoak ere, esaterako, Martin Larralde eta Zaindu maite duzun hori.
Ordorikak aita arraun zalea eta orio zalea zuela kontatu zien entzuleei, eta onena opa ziela biharko Kontxako estropadarako. Arratsaldean, gaueko emanaldia prestatzen ari zirenean, arraunlariak animatzeko moilan egin zen ekitaldia ikusi zuten musikariek, baita Benito Lertxundiren irudiarekin moilaren bestaldean eskegi zuten oihal erraldoia ere, eta kontzertuaren amaiera aldean horixe aipatu zuen, Lertxundiren Oi lur, oi lur kantuaren bertsioa abesteko ondoren.
(Argazkiak: Aritz Mutiozabal eta Onintza Lete Arrieta)